Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoako ordezkari Edurne Larrañagak.
Egoera ikusita, lau erronka estrategiko nabarmendu ditu Igor Arroyok: sindikalismoan ere belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitea, eremu berriak sindikalizatzea eta lan hitzarmenen estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.
Edurne Larrañagak azterketaren daturik mamitsuenak azpimarratu ditu.
Lan merkatuaren osaketa. Gizartean gertatzen ari den moduan, zahartze objektiboa eta migranteen hazkundea gertatu dira. 45 eta 64 urte arteko langileak dira lan merkatuan proportzionalki gehien handitzen ari direnak. Zehazki, 55 urtetik gorakoak %10 izatetik %23 izatera pasatu dira azken 25 urteetan. Espainiako Estatutik kanpo jaiotako langile kopurua handitu egin da: lan merkatuan %10 izatera iritsi dira.
Lan hitzarmenak Hego Euskal Herrian. Soldatapeko langileen %85 hitzarmen kolektibo baten babespean dago, baina lan hitzarmenen estatalizazioaren bidez, euskal langileak pobretu egin dira. 2012an baino 51.248 langile gutxiago daude EAEn erregistraturiko hitzarmen baten babespean 2023an. Aldiz, 44.641 langile gehiago daude estatu mailan erregistraturiko hitzarmen baten babespean.
Grebak. Hego Euskal Herriko greben intentsitatea Espainiako Estatukoa baino nabarmen handiagoa izan da: 2023an, kasurako, 10.000 soldatapeko bakoitzeko 3,39 greba egin ziren Hego Euskal Herrian; Espainiako Estatuan, aldiz, 0,43.
LAB sindikatua. Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua da, ordezkaritzaren %19,6arekin. 2016tik %1,6 puntuko igoera izan du.
Errealitate sindikala. Sindikalizazio maila handia da Hego Euskal Herrian: herritarren hamarretik lau sindikatu batean afiliatuta dago edo egon da uneren batean. Dena den, oraindik langileen %41,7 ez dago inongo sindikatutan afiliatuta. Frantzian eta bereziki Espainian sindikalismoak giharra galdu du, baina Euskal Herrian botere sindikala handiagoa da proportzioan. Arroyoren aburuz, “elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egin duen sindikalismoak porrot egin du bi estatuetan eta, aldiz, kontraboterezko sindikalismoak arrakasta izan du Euskal Herrian”. Honakoak dira sindikalismo horren ezaugarriak bere esanetan: kontraboterea, izaera soziopolitikoa, independentismoa, feminismoa, antirrazismoa eta ekosozialismoa.
Langile migranteak. Langile horiek antolatzeko ahalegin espezifikoa egingo du sindikatuak: “Gero eta gehiago dira beste herrialde batzuetatik, hamaika oztopo gaindituta, Euskal Herrira etorritako langileak. Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile hauei guztiei harrera egitea eta pairatzen duten diskriminazioen kontra aktiboki borrokatzea”. Ildo horretan, LABek Idazkaritza Antirrazista sortu eta lehen barne plan antirrazista abian jarri izana balioan jarri du Arroyok.
LABeko webgunean kontsulta daitezke txostenari buruzko datu gehiago.