argia.eus
INPRIMATU
La Navaleko enpresa batzordeak itxialdia egin du lan-karga eskatzeko
  • La Navaleko enpresa batzordeak asteartean itxialdia egin zuen Sestaoko ontziolaren instalazioan. Langileek ere bi orduz lan egiteari utzi zioten itxialdiarekin bat eginez.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 05
La Naval Ontziolako langileriak lan karga eskatzen du, martxoan amaitzen baitute agendan duten azken ontzia. (Argazkia: J.A.)

Nahiz eta enpresako zuzendaritzak ontzi berri bat eraikitzeko aurrekontratua dagoela komunikatu duen, mobilizazioekin jarraitzea erabaki du batzordeak.

Jose Pedro Gonzalez batzordeko presidenteak kontratua sinatu arte mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du. “Ez da lehenengo aldia izango aurrekontratua sinatu ondoren firmatutakoa pikutara badoa”.

Ostegunean ontziolako langileek Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dute, Eusko Jaurlaritzak, instituzioek eta alderdi politikoek Sestaoko ontziolaren etorkizunaren inguruan apustu egin dezatela eskatzeko.

Duela astebete Sestaoko ontziolatik Santurtziraino martxa egin zuten Ezkerraldeko bizilagunek La Navaleko langileriaren alde.