argia.eus
INPRIMATU
La Naval ontziolari amaiera data jarri diote: otsailaren 13a
  • Duela astebete enplegua desegiteko erregulazio espedientea sinatu zuen La Navaleko konkurtso-administratzaileak eta likidazio horri helegiteak jartzeko aukera otsailaren 13an amaituko dela jakinarazi du langileen ordezkariak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 24a
Euripean egin dute langileek osteguneko ibilaldia (Irudia: Hamaika)

La Navaleko langileek Espainiako Gobernu ordezkaritzak Bilbon duen egoitzatik PSOEren egoitzarainoko ibilbidea egin dute ostegun honetan, ordubetez euripean. Horren ostean jaso dute berria enpresa batzordearen ordezkariaren eskutik: otsailaren 13an ontziola erosteko epea zabalduko da eta likidazioa azken fasean sartuko da.

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari exijitu diete eros ditzatela instalazioak, 173 langileren lanpostuak ez ezik, Ezkerraldeko ehunka familien oinarri ekonomikoa horren baitan egon daitekeelako.

Urtarrilaren 17an enplegua desegiteko erregulazio espedientea akordiorik gabe sinatua izan ondoren, astelehenean erabaki zuten langileek mobilizazioen egutegia, eta lehen hitzorduetako bat Espainiako Gobernua eta alderdi sozialista presionatzeko izan da. Enpresa batzordeko kideek Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiari eskatu diote publikoki eman dezala iritzia erregulazio espedientearen inguruan, eta gogorarazi dute ontziolara “argazkia ateratzera” joan zela.

Madrilera, Kongresuaren ateraino

Asteartean, berriz, Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrak eztabaidatzen diren egunean, Espainiako Kongresu aurrean elkarretaratzea egingo dute. Hain zuzen, Unidos Podemosek Reyes Maroto Industria ministroaren agerraldia eskatu du etxe horretan bertan, honek La Navaleko langileekin zuen bilera bat azalpenik gabe bertan behera utzi zuelako.

Langileek Ezkerraldeko herritarren babes osoa dute, mobilizazioetan ikusi ahal izan denez. Astelehenean Santurtzi, Sestao, Portugalete eta Barakaldoko alkateekin batera bilduko dira, kaleratzeen eta ontziolaren itxieraren kontrako jarrera azaldu eta Kongresu aurrean egingo duten bilkuran babes instituzionala izateko.