Espainiako Estatutik ateratzea debekatuta dute ‘La Manada’ko bost bortxatzaileak. Halere, Antonio Manuel Guerrero pasaportea berritzen saiatu zen astelehenean. Ihes egiteko saiakera izan daitekeelakoan, berriz espetxeratzea eskatu dute.
“Ihes egiteko arriskurik” ez zegoelako aske utzi zituzten ‘La Manada’ auziko bost bortxatzaileak orain astebete. Ostiralean, ekainak 22, irten ziren kartzelatik, eta astelehenean Antonio Manuel Guerrerok pasaportea berritzeko saiakera egin zuen.
Horren aurrean, Guerrero berriz epailearen aurrera aurkeztea eskatu dio fiskaltzak auzitegiari. Nafarroako Gobernuarekin batera, fiskaltzak guardia zibila berriz espetxeratzeko eskaria egin zuen ostegunean. Pasaportea berritzeko saiakerarekin auto judizialean hitzartutako neurria haustear egon dela uste du, “ihes egiteko arriskua agerikoa eginez”.
Nafarroako Auzitegiak “berehalako informazioa emateko” eskatu die Andaluzia mendebaldeko Espainiako Poliziaren nagusiari eta Tabaldako (Sevilla, Andaluzia) pasaporte eta NAN bulegoari. Nafarroako Auzitegiak zehatz mehatz jakin nahi ditu Guerreroren pasaportea berritzeko saiakeraren nondik norakoak: zein egun eta ordutan egin zuen agerraldia bulegoan, aurretiazko hitzordurik ote zuen eta, hala balitz, nork eta noiz eskatua izan zen, berau artatu zuten polizia agenteak zein ziren, elkarrizketa zein terminotan garatu zen eta auzipetuak Auzitegiaren autoa aurkeztu ote zuen, besteak beste.
Azken pasarte hau publiko egin da Nafarroako Gobernuak bost bortxatzaileak aske utzi zituen autoari errekurtsoa jarri ostean. Nafarroako Gobernuaren errekurtsoak jasotzen duenez, ez dator bat auzipetuak ihes egiteko arriskurik ez dagoela zioen Nafarroako Auzitegiaren tesiarekin.