argia.eus
INPRIMATU
La Haine hedabideko kazetari bati ez diote Panamatik Venezuelara joaten utzi
  • Jorge Correa, “Boro” ezizenez ezaguna, Panamako aireportuan atxiki eta kanporatu egin dute. Kazetariak Venezuela zuen helmuga, Herrien Nazioarteko Asanbladara baitzioan.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 26a

Aireportuan ordenagailu eta mugikorrak kendu dizkiote Correari, eta hainbat orduz Espainiako enbaxadarekin kontaktatzea eragotzi. Polizia-dependentzietan atxikiturik hogei orduz gora eman ostean, etxera bidean da.

Kazetariak berak sare sozialen bidez eman du deportazioaren berri, eta gertakarien nondik norakoak azaldu: “Caracaserako ontziratze atean itxaron zeuden (Tucumén-eko airoportuko polizia agenteak), Espainiako Estatuan izan ditudan errepresio kasuen gainean galdegin didate, baita alderdi politikoren batekoa naizen, edota ETAko kide izan nintzen edo erakundea begiko nuen. Ordenagailua eta mugikorrak kendu dizkidate”.

Giza Eskubideak eta adierazpen zein prentsa eskubidea urratzeagatik Panamako Estatua salatuz ere idatzi du mezua. Adierazi duenez, Herrien Nazioarteko Asanbladan eta Venezuelan gertatzen ari denari buruz informatzea eragoztea izan da deportazioaren helburua.