La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk tartean.
Kazetaritza ez da terrorismoa, du goiburu La Directa-ren manifestuak. "Terrorismo" leporatuta inputatu baitute Jesús Rodríguez kazetaria, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia-Castellonek irekitako Tsunami Demokratikoaren auzian. Dagoeneko dozenaka hedabide eta erakundek egin dute bat komunikatuarekin, ARGIAk tartean. La Directak “informaziorako eskubidearen aurkako erasotzat” jo du inputazioa, eta komunikatuarekin bat egitera animatu ditu “kazetaritza zintzo, kritiko eta eraldatzailearen defendatzaileak”.
Epaileak Tsunami Demokratikoa-ren testuinguruan egindako mobilizazio sozialak “terrorismotzat” jo ditu, eta ikertutako hamabi pertsonak “erakundearen koordinazio politikoaren parte” izango liratekeela uste du. Adierazpen garbiak egin ditu hedabideak: “Jesús Rodriguezek ez du delitu-egitateetan parte hartu, oinarrizko eskubideak baino ez ditu erabili. Informazio-askatasuna gauzatzean bere zeregin profesionala betetzera mugatu da beti, inputazioarekin urratzen ari den oinarrizko eskubidea baita”.
El Salto hedabideak jaso duen moduan, ez da Rodríguezek kazetaritza-lanaren ondorioz errepresioa jasaten duen lehen aldia: 2016an, manifestazio baten erdian, Kataluniako Poliziak eraso egin zion, zeinak lesioak eragin zizkion: eskuko behatz bat hausteaz gain, %50eko mugikortasuna galdu zuen.