argia.eus
INPRIMATU
‘La Directa’ aldizkaria zentsuratu dute “espetxeen sistema ezegonkortuko” duelakoan
  • Preso batek jasotako jakinarazpenaren bidez jakin dute atxikita zegoela.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko ekainaren 12a
Presoari heldutako jakinarazpena (argazkia:LaDirecta)

“Revifa la lluita dins dels murs” (harresien barruan borroka berpiztea) erreportajea duen  La Directa aldizkariaren 451 zenbakia hautsak harrotu ditu. Borrokan parte hartu zuten hainbat espetxeetako 40 preso inguru elkarrizketatu dituzte.

Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak artikulu hau “espetxeko sistema ezegonkortzeko” dela esan du. Horregatik parte hartu duten presoei ez zaie iritsi aldizkaria. Salatu dutenez baten bat ere idatziz zuzendu da aldizkarira kexatzeko. Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez zion ezer bidali aldizkariari honen berri emateko.

Egoera hau justifikatzeko Espetxeetako Lege Organikoko 51.5 artikuluan eta Espetxeetako Araudiko 128.2 artikuluan oinarritzen dira. Araudiaren arabera, banatu ezin daitezkeenak dira  ez dutenak “gordailu juridikorik edo inprimatzeko baimenik” edo zentroaren “segurtasunaren eta ordenaren aurka egiten dutenak”.

La Directa-k prentsa askatasuna eskubide konstituzionala dela dio mundu guztiarentzat eta beraz, espetxeetan ere errespetatu behar dela salatu du. “Errealitatea oso desberdina” dela gehitu dute. Elkartasuna adierazteko Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak galdera bat aurkeztu du senatuan informazioa eskatuz beto honen inguruan.