Donostiako Kutxa-Kubo aretoan Kutxako Fototekako 316 argazki daude ikusgai, Phocus. Bilduma baten argazkia izenburupean. Besteak beste, Robert Capa, Julia Magaret Cameron, Jose Frisuelos, Jeremiah Gurney, Giuliano Mezzacasa eta Robert Doisneuren irudiak bildu dituzte maiatzaren 13ra arte zabalik izango den erakusketan.
"Museo nagusiak erakunde edo instituzio handiak balira bezala hartzen dira, kokaturik dauden gizarteetako errealitateen notario gisa dihardutenak. Eta aldeak gorabehera, horixe da Kutxa Fototekak lortu nahi duena", dio Juantxo Egaña komisario duen erakusketaren afixak, "gure lurraldearen historia iragan berriaren oroimen nagusi bihurtzea, eta argazkilari bikainen eskutik, gure jatorrizko eszenatoki edo jokalekuak erakustea gipuzkoar guztiei, egin gaituzten gertaerak, gure arbasoen sehaska izan ziren geografiak eta gure tradiziorik onenaren mugarri diren gertakizunak, handiak nahiz txikiak. Erakusketa hau gure iragana erakundetzeko, gure oraina ulertzen laguntzeko eta baita ere, zergatik ez esan, gure etorkizuna zirriborratzeko Kutxa Fototekaren ahaleginaren adibide bat da".