argia.eus
INPRIMATU
Kutxabanken kontrako lehen epai irmoa, IRPH dela-eta
  • Hipoteka indizea desagertu ondoren Kutxabankek aplikatzen jarraitu zuen. Orain Valladolideko epaitegi batek ebatzi du erabaki hori bidegabea izan zela. Epaia irmoa da eta ezin zaio helegiterik jarri.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko martxoaren 27a

Valladolideko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegiak epaia kaleratu zuen otsailaren 28an Kutxabank zigortuz, baina orain arte ez da horren berririk izan.

Epaia Kutxabanken IRPH-Cajas hipoteka indizeari dagokio eta bezero baten salaketari erantzuten dio. Honen arabera, bankua gehiegi atzeratu zen indizea aplikatzen, nahiz eta desagertuta egon. Hala, Kutxabankek 1.944 euro ordaindu beharko dizkio bezeroari.

IRPH-Cajas indizea 2013ko apirilean geratu zen bertan behera, baina Kutxabankek aplikatzen jarraitu zuen hainbat hilabetez. Erabaki horrek kaltea eragin zien bezeroei eta eztabaida handia sortu zuen.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak azaldu duenez, epai hau “makilakada” izan da EAJ eta PSErentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusietan “Kutxabanken erabakia babestu” zutelako.

IRPHa bera auzitan

Dena dela, IRPH-Cajas hasieratik aplikatzea bera ere auzitan dago. Kutxabankek 30 epai baino gehiago jaso ditu indize horren kontra.

Orain gutxi Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak bertan behera utzi zuen epai horietan lehena, baina IRPH Stop Gipuzkoak Espainiako Auzitegi Gorenean errekurritu du erresoluzio hori.