argia.eus
INPRIMATU
Kutxabanken berregituraketa plana: lanpostuak suntsitu eta azpi-kontratazioak gehitu
  • Finantza erakundeko zuzendaritzak sindikatuekin egindako bileran aurreratu du 276 langile aurre-jubilatu nahi dituela urtea amaitzerako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko urriaren 23a

“Odola botako dugu izerdiaren ordez”. Esaldi horrekin iragarri zuen Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak duela hilabete inguru euskal finantza erakunde nagusian merkealdiak zetozela. Hilabete behar izan du sindikatuei berregituraketa horren letra txikia erakusteko.

Ostegun eguerdian egindako bileran Kutxabankeko zuzendaritzak aurreratu du urtea amaitzerako 276 pertsona aurre-jubilatzeko plana abian jarriko duela, eta horrez gain, baja boluntarioak ere sustatuko dituela. Bilkuran izan den ELAko ordezkariak Euskadi Irratiari azaldu dionez, murrizketa planean azpikontratazioak gehitzea ere aurreikusi omen du bankuak: “Etekinak lortzeko enplegu suntsiketa baino ez du ekarriko proposamenak”, dio sindikatu abertzaleak.

LABek ere Kutxabanken berregituraketa plana arbiatu du. Bere esanetan suntsitu nahi dituen lanpostuak 500 izan daitezke eta, besteak beste, bulegoak ixtea ekarriko du: “Kutxabanken etorkizuna arriskuan dago, gero eta gehiago dira diotenak finantza entitatea beste handiago batek xurgatuko duela. Lantaldearen kostuak merketzea halako doitze neurriekin, balioko dio erakargarriago egiteko”.

Villalabeitiak irailean patronalaren aurrean esan zuen momentu honetan bankuarentzat “garrantzitsuena” bere errentagarritasuna dela. Ez zuen argitu zer helburutarako nahi duen errentagarritasuna handitu, baina burtsarako jauzia baztertu zuen arren, aurrera begira bankuaren “tamainaren” inguruko hausnarketa egin beharko dela esan zuen.