“Bezeroak babesik gabe” utzi dituztela adierazi du Kaleratzeak Stop plataformak, eta hori Kutxabank pribatizatuz gero gerta daitekeenaren lagin txiki bat dela uste dute.
Uztailean Kutxabankek 340 milioi euroko mailegu-poltsa saldu zien beste inbertsio funts edo putre funts batzuei 5 milioi eurogatik, Kaleratzeak Stop-ek salatu duenez.
Kutxabanken hitzetan, poltsa horretako mailegu pertsonalak 6.000 eurotik beherakoak dira. Xabi Soto plataformako bozeramaleak esan du, ordea, kasu batzuetan 30.000 eurorainoko maileguak direla. “Kantitate hauek itzultzerako orduan, jendeak ondasun partikularrekin erantzun behar izaten du, tartean etxebizitzarekin”.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako plataformak Donostian elkartu dira egoera salatzeko.
Bezeroak, babesik gabe
Kutxabanken mailegu horiek jaso zituzten pertsonek beste erakunde batzuekin negoziatu behar dute orain beraien zorra.
Palmira izeneko 66 urteko emakumearena da adibide garbia. Eldiario.es-ek jaso duenez, bere alaba abalatu izanagatik 27.000 euro eskatzen dizkio IDR Finance Ireland II Limited-ek, funts horri saldu baitzion Kutxabankek Palmiraren zorra.
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop-eko bozeramaleak, Rosa Garciak, beste funtsei saldutako maileguak itzultzeko eskatu dio Kutxabanki, eta zuzendaritzari egotzi dio errua, “zor hori pertsona kaltetuekin negoziatu ordez, putre funtsei saltzeagatik”.