argia.eus
INPRIMATU
Kutxabank prest legoke Fagor Etxetresnak laguntzeko
  • Gipuzkoako Aldundiaren arabera, finantza erakundea prest azaldu da kooperatibaren zati errentagarrien bideragarritasun planetan parte hartzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 12a
Kutxabankeko ordezkariek ez zuten adierazpenik egin nahi izan atzoko bileraren ostean (Deia.com)

Martin Garitano diputatu nagusia atzo bildu zen Donostian Kutxabankeko presidente Mario Fernándezekin eta Kutxako presidente Xabier Iturberekin, Fagor Etxetresnak-en (FE) krisiaz hitz egiteko.

Garitanoren esanetan Kutxabankek konpromisoa azaldu du “etorkizunera begira bideragarritasun planik balego elkarrekin aztertzeko” eta hori finantzatzeko bidean “presente” egongo direla esan diote.

Fernandezek eta Iturbek ez zuten adierazpenik egin bileraren ostean.

Edesaren etorkizunaren berri, gaur

FEren Kontseilu Errektoreko arduradunak gaur arratsaldean bilduko dira Edesako langileekin hartzekodunen konkurtsoan sartuko diren ala ez azaltzeko. EiTBren esanetan erabakia hartuta dago, baina lehenik langileei jakinarazi nahi diete.

Atzo Edesako eta FEko langileek giza-kate batez inguratu zuten Mondragon Korporazioak Arrasaten duen egoitza nagusia eta gaur beste bat osatuko dute Goienan irakur daitekeenez (Gaur beste giza kate bat egingo dute Fagorrekoek).