argia.eus
INPRIMATU
Kutxabank fusionatua izatea ez du baztertu Villalabeitiak
  • Euskal finantza entitate nagusiaren presidenteak azaldu du horri buruzko hausnarketa egiten ari direla Kutxabank barruan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko azaroaren 05a

ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteak asteazkenean antolatutako hitzaldi batean Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak euskal finantza entitate nagusiaren etorkizunaren inguruko gako batzuk eman ditu.

Galdera-erantzunen txandan Kutxabank fusio edo erosketa prozesuetan sartzeko aukeraz galdetu diote: “Ez dut ezer baztertzen” erantzun du. Bere ustez, Espainiako finantza merkatuan bankuen kontzentrazio prozesu sakon bat egin bada ere, oraindik fusio gehiago etor daitezke. “Guri tamainak kezka sortzen digu, eta epe erdira kezka sortuko digu –esan du Villalabeitiak–, baina edozein kasutan, beharrezkoa ikusten dugunean fusionatu edo erosiko dugu”.

Kutxabanken presidenteak jakinarazi du antolaketa estrategikoaren arloan hausnarketa egiten ari direla horretaz guztiaz, baina “errentagarritasunaren erronkaren” ondoren izango dela hori, langile murrizketa planari erreferentzia eginez.

Banku publikoan ez duela “sinesten” ere aitortu du Villalabeitiak, eta burtsara irteteko erabakia Kutxabanken jabe diren banku-fundazioen esku utzi du.

Txiki Muñoz: “Kutxabank burtsara jo eta pribatizatu egingo da”

ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek Radio Euskadirekin urriaren 27an izandako elkarrizketan Kutxabanken pribatizazio prozesuaz hitz egin zuen aho bilorik gabe eta sindikatuak dituen informazioen berri eman zuen: “Irakurtzen dituzu Kutxabankek emandako paperak, eta burtsara irtengo da, interpelatu dugun alderdi bateko buruzagiek ere gauza bera esan digute”, esan zuen.

Muñozek Euskaltelek burtsara ateratzeko operazioarekin lotu eta parekatu zuen Kutxabankena: “Nik segurtatzen dizut burtsara joko duela eta pribatizatu egingo dela”, erantzun zion esatariari sindikalistak.