Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak atzera bota du Kutxabanken hipoteka indizea baliogabetzen duen epaia. Gipuzkoako IRPHren kontrako plataformak erabaki hori Espainiako Auzitegi Gorenean errekurrituko du.
Kutxabankek IRPHren –hipoteka maileguen erreferentzia indizea– kontrako 30 epai baino gehiago jaso ditu orain arte auzitegietan; indize hori gehiegizkoa dela dio epaileak eta dirua itzultzera zigortu du bankua. Baina urtarrilaren 29an Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak atzera bota zuen epai horietan lehena.
Gipuzkoako IRPHren kontrako plataformak uste du auzitegiaren erabakiak ez duela sendotasunik, Kutxabanki arrazoia “hein batean” ematen diolako eta mamian “zalantzak” daudela onartu duelako. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoako abokatuek Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki dute: “Horrez gain exijituko dugu gaia Europako Justizia Auzitegian jorratzea”, diote euren webgunean publiko egindako oharrean.
Errekurtsoa martxoaren 12an aurkeztuko dute Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren aurrean, eta egun horretarako bilkura deitu dute.
40.000 kaltetu Hego Euskal Herrian
Gipuzkoako IRPH Stop plataformak egindako kalkuluen arabera Hego Euskal Herrian 40.000 lagun baino gehiago daude IRPH gehiegizko hipoteka indizeak kalteturik –Euskal Autonomia Erkidegoan 31.000 dira eta Nafarroan 9.000 inguru–. Familia horiek batez beste hilean 300 euro gehiago ordaintzen dute.
Plataformak Espainiako Estatuan dauden kaltetuen mapa osatu du. Hala, estatu osoan 1,3 milioi laguni eragiten die hipoteka indizeak. IRPH kopuru handiena Katalunian dago, herrialde hartan 1.000 biztanleko 60 IRPH daude, Hego Euskal Herrian berriz 1.000 biztanleko mota horretako 14 kontratu daude sinatuta.
Kalkulu horiek egiteko IRPH Stop Gipuzkoak Espainiako Estatistika Institutuko eta Erregistratzaileen Kolegioko azken hogei urteetako datuak erabili ditu.