Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.
Hautsak harrotu ditu duela astebete Kutxabankeko presidente Anton Arriolak euskararen inguruan esandakoak. Bilboko Merkataritza Ganberak antolaturiko hitzaldi batean euskal enpresek atzerriko langile trebatuak erakartzeari buruz mintzatzen ari zela, adierazi zuen euskara "oztopo" izan zitekeela talentua erakartzeko. Kutxabanken akziodunetakoa den Kutxa Banku Fundazioak ohar baten bidez erantzun dio Arriolari: "Hizkuntza aniztasuna nekez izan daiteke oztopo".
Erakundeak adierazi du Arriolaren adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, eta gogorarazi dute 1992an sinatu zuela Europako Kontseiluak Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, "euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestu eta sustatu nahi dituena". Horrez gain, Kutxa Banku Fundazioak oharrean aipatu du D ereduak gora egin duela urtez urte, baita 2023ko abenduan onartu zutela Hezkuntza Legea Eusko Legebiltzarrean: legeak berak dioenez, "euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da".
Euskara oztopo izan ez den proiektu baten adibidea ere eman dute: hain zuzen ere, Ikerbasque programa. Duela 17 urte hasi zuen proiektu horrek bere ibilbidea, eta gaur egunera arte EAEra 373 ikertzaile erakarri dituela gogorarazi dute: "Gure unibertsitateetan zein goi mailako ikerketa zentroetan dihardute Espainian, Ingalaterran, Alemanian, Polonian, Amerikako Estatu Batuetan, Errusian, Indian, edo Ukrainan sortu eta mundu osoko ikerketa zentroetan aritu ondoren gure artean lan egitea erabaki duten hainbat ikertzailek".
Erantzun gehiago
Kutxa Banku Fundazioa ez da izan Arriolaren adierazpenei aurre egin dien bakarra: besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak adierazi zuen euskara "estrategikoa eta ezinbestekoa" dela "bertako" talentua erakartzeko, eta "mediku onaren edo euskaldunaren dikotomia faltsuarekin" alderatu zituen adierazpenak. Gainera, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ere gaitzetsi zuen sare sozialetan Arriolak esandakoa: "Oso larria da erantzukizun soziala ipar behar lukeen erakunde bateko buruak euskara eta talentua talkan jartzea".