argia.eus
INPRIMATU
Kutsatuta ez dauden zaharrei logelatik ateratzen uzteko eskatu dute senideek Barakaldoko zahar etxean
  • Babestu senide elkarteko kideek elkarretaratzea egin dute maiatzaren 18an Barakaldoko Sanitas zahar etxearen atarian. Apirilean test serologikoak eta PCR testak egin zizkieten egoiliarrei eta hauetan negatibo eman duten zaharrei paseatzera ateratzeko eskatu dute. Izan ere, bertan bizi diren 200 zaharrek 46 egun daramatzate logeletan sartuta. Ordu erdiz pasilloan ibiltzen uzten diete soilik eta ez dute beren gelakideaz gain, beste zaharrekin harremanik.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a
Argazkia: @ElkarrekinBizk.

"Zaintzea ez da isolatzea, 45 egun giltzapean", "eskubideak ez dira urteekin galtzen" eta "zaintzak ez dira negozio" kartelak irakur daitezke argazkietan. "Koronabirusak eramaten ez badu, tristurak eramango du" adierazi dio senide batek Correo egunkariari.

Herena kutsatuta, datu ofizialik gabe

Babestu elkarteko senide batek Gara hedabideari adierazi dionez, ez dute gaixotu kopuruaren datu ofizialik, baina senideen artean hitz eginda ondorioztatu dute egoiliarren herena egon dela kutsatuta. Zuzendaritzak familia batzuei adierazi die beldurragatik eta babestu nahi dituztelako dituztela guztiak aislamenduan baina senideek salatu dute "sano daudenak ez dituztela zertan horrela zigortu". Buruko gaixotasunak dituztenen kasuan egoera are larriagoa dela azaldu dute, zahar horiek ezin baitute zergatirik ulertu.

Kudeaketa pribatuko zentroetan eskubide gutxiago?

Barakaldoko Sanitas egoitzako hirugarren eta laugarren solairuan bildu dituzte kutsatutako zaharrak. Senideek eskatu dute Osakidetzak maiatzan atera zuen protokoloa betetzea. Bertan aislamendua gaixotasuna ez zabaltzeko praktika egokia zela esaten zuen Osasun sailak, baina luzeegi eginez gero egoiliarrentzat kaltegarri izan daitekeela. Babestu elkarteko kide den Carmen Loizagak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio zahar etxe guztiek baldintza berak betetzea: "Ez da posible kudeaketa zuzena duten egoitzetan, normalean langile gehiago dituztelako, protokoloa hobeto betetzea, baina kudeaketa pribatuko egoitzetan hori ez horrela izatea".