argia.eus
INPRIMATU
Kamisetan esaldi bat kurdueraz eramateagatik isuna jarri diote Turkian futboleko talde bati
  • Amedspor futbol taldea Turkiaren menpeko Kurdistango Amed hirikoa da. Elastikoan publizitatea kurdueraz idatzita eramateagatik jarri diote isuna.

BeƱat Badiola Etxeberria Axier Lopez @axierL 2025eko urriaren 03a
Amedspor taldeko zaleak

Lau hamarkadaren osteko borroka armatuari amaiera emango ziola jakinarazi zuen PKK Kurdistango Langileen Alderdiak maiatzean, Abdullah Öcalan buruzagi historikoak otsailean eginiko eskaerari jarraituta. Turkiako agintariek bake iraunkor baterako urrats gisa deskribatu zuten borroka armatuaren amaiera. Baina oro ez da urre. Errepresioa ez da eten, eta kurdueraren eta kurduen kulturaren aurkako jazarpenak bere horretan jarraitzen du.

Horren adibide da Amedspor futbol taldeari berriki jarritako isuna. Turkiako hedabide batzuek azaldu dutenez, Turkiako Futbol Federazioko (TFF) diziplina-kontseiluak 110.000 lira (2262,15 euro) ezarri zizkion irailaren 25eko partida batean kurduz idatzitako publizitatea eramateagatik, kirol-ekipamenduaren araudia urratu zuela argudiatuta. Gainera, futbol taldeak adierazi zuen arrazoi berdinagatik irailean isun berdina jarri ziotela, 2025-26 denboraldi hasieran TFFk "Koma me bona we" (Gure taldea zurekin dago) lema zuen bezalako kamiseta bat onartu bazuen ere.

Debekuaren aurkako elkarretaratzea eta kamiseta.

Futbol taldeko agintariek ondorengoa adierazi dute: "Amedsporrek urteak daramatza legez kanpoko erasoak eta gehiegikeriak eta giza eskubideen urraketak jasaten agintarien aldetik. Denboraldi honetan Amedspor-i ezarritako zigorrak eta, batez ere, gure hizkuntza erabiltzeko debekua, abisuak dira federazioarentzat eta gure zaleentzat".

Amedsporreko presidente Burç Baysalek gogor kritikatu du erabakia. Baysalek legez kanpokotzat jo du eta adierazi du oso argigarria dela "herrialde honetan kurduerarekiko dago intolerantzia" ikusteko eta ondorengoa gaineratu du: "Parlamentuan bertan ere ezin da kurdueraz hitz egin. Ia 80 milioiko biztanleriaren artean gehien hitz egiten den bigarren hizkuntzarekiko intolerantzia benetan onartezina da. Ez dugu uste zuzena denik debekuak ezartzea. Ez dugu gure hizkuntzarekiko intolerantzia onartuko. Indartsuak gara eta gogor egiten jarraituko dugu aurrera".