argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herritik Ipar Kurdistanera joandako delegazioa
“Erabat suntsituta eta hartuta dago Amed hiriburuko Sur auzoa”
  • Newroz urte berri egun kurduaren harira, Ipar Kurdistanen da Euskal Herriko delegazio bat. Bidaia baliatuko dute Turkiaren menpeko eremuan egoera zein den bertatik bertara ikusteko. Lehen egunean Amed hiriburuko Sur auzoa ikusi dute: “Erabat suntsitua eta hartua dago”.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko martxoaren 21

Hesiz eta Turkiako poliziaz inguraturik dagoela diote. Sei auzok setiaturik jarraitzen dute eta ez dago komunikaziorik bertako herritarrekin. Herrian guztira 27.000 pertsona bizi ziren, nahiz eta gehienek ihes egin zuten erasoak hasi zirenean. Azken astean 30 hildako gerrilari eta zibil izan dira herrian, bertako herritarrek emandako datuen arabera. 5.000 bat etxebizitza suntsitu dituzte, eta eraitsitako eraikinen hondakinak kamioietan eramaten dituztela salatu dute.

Euskal Herritik joandako delegazioak dioenez, "Auzoa barrikadaz eta kontrolez josia dago”. Gerra irudiak direla diote.

Sur-eko hiribide nagusian ez dabilela inor azaldu dute, eta kale perpendikularretan poliziak izarak jarri dituela “suntsipena ikus ez dadin”. Agertoki horretan, umeak kalean gerrilak balira bezala jolasten ikusi dituzte.

"Europa isilik dago, eta guzti hau gertatzen ari da Turkiak dituen errefuxiatu siriarrekin presionaturik duelako Europar Batasuna".

Zenbait argazki bidali dituzte egoera islatzeko.