Kupla plataformako kideak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bildu ziren larunbatean (ekainak 13). Osasun krisian erakunde publikoek sektorea babesgabe utzi dutela salatu dute eta irtenbideak adosteko elkarrekin aritzea eskatu dute.
Osasun krisia hasi orduko, kulturgintzako sektorea jarduna eteten lehena izan zela dio plataformak kaleratu duen manifestuan, eta lanean hasten azkenak izango direla diote. Erakundeen aldetik jarduerari ekiteko proposamenik ez dutela jaso diote. Zuzeneko jardueren ezaugarriak kontuan hartuta, halako ekintzak hemendik hilabete batzuetara ere egingarriak ez izatea gerta daitekeela aitortu du plataformak. Hainbat jarduera abian jartzeko arazoak izateko arrazoitzat jo dituzte osasun eta logistika kontuak, baina baita errentagarritasun ekonomikorako aukerarik ez izatea ere. Erakundeek esku hartzen ez badute, sektorea hondatuko dela eta langileak lanik gabe geratuko direla salatu dute.
Plataformak erakunde publikoei eskatu die elkartzeko aukera ematea, sektoreak daukan esperientzia baliatuko luke egoera honetatik ateratzeko irtenbideak eskaintzeko. Erabakiak elkarrekin hartzea proposatu dute.
Klupa plataforman kultur munduko 659 kide daude. EAEn, sektoreak 768 milioi euro sortzen ditu, Barne Produktu Gordinaren %3 eta 5 artean. 7.000 pertsona ari dira lanean.
Larunbatean Berria egunkariak grabatutako bideoa duzue ondoren: