Bizi-bizi dago egungo turismo ereduari buruzko eztabaida. Ahalik eta jende gehien erakartzea asmo duen ildoari ertz askotatik heltzen ari zaizkio kritikak. Azkena, Espainiako Los 40 Principales irrati kate komertzial pribatuak, ostalariek eta Udalak sustatuta, Zarautzen antolatutako jaialdian bertan.
Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalaritza elkarteak sustatuta, ‘Los 40 Summer Live‘ musika jaialdia egin dute abuztuaren 6an malekoian. Aurretik jaialdi berdina antolatu dute Ceuta, Marbella, Motril, Manga del Mar Menor, Mallorca, Tossa de Mar-ren, denak ere kostari lotutako ingurune turistikoetan.
#LOS40SUMMERLIVE musika jaialdia, #zarautz-en, abuztuaren 6an,Marlon,Maico,Bromas Aparte,Bombai,Ana Mena eta Efecto Pasillorekin. Ez galdu! pic.twitter.com/9NGGKG1sfR — Zarauzko Udala (@ZarauzkoUdala) 2017(e)ko uztailak 28
Jaialdi komertzial horren atzean dagoen kultura eta turismo ereduak kezkatuta herrian kritikak azaleratu dira. Horren erakusgarri, jaialdiko kontzertu baten erdian hainbat lagunek zabaldu duten pankarta: “Gure herrian arrotz, kultura herritik eta herriarentzat”.
"Zarautz erakusleiho izateko beste saiakera bat da hau: ez dakigu nola bururatu dakiekeen udaleko ordezkariei Marbellan edo Ceutan balio dezakeen forma berak gure herrian ere balio dezakeela, diote protestaren egileek zabaldu duten oharrean. Udalak herriko auzoko jaiak antolatzen dituzten auzokideekin liskarrak izan dituela eta jai herrikoak egiteko oztopoak jarri dituztela salatu dute. Hori dela eta, ulertezina egiten zaie "nola eman dakieeken Espainiako talde handi batzuei –guzti-guztiak espainolez kantatzen– halako plaza handia, herriko sortzaileak guztiz bazter lagata”.
Oier Aranzabal zarauztarrak ZuZeun idatzitako iritzi artikuluan jaso zituen horrelako jaialdiek sustatzen duten ereduari buruzko hainbat kritika.