argia.eus
INPRIMATU
Kultur ondarea ikertu eta sustatuko du Zain Fundazioak
2011ko uztailaren 12a

2013an Gasteizko Maturana Berastegi jauregian Zain zentroa irekiko dute eta bertako zuzendari izango den Agustin Azkaratek eman zituen azalpenak. Ikerkuntza eta berrikuntza proiektuak sustatuz ezagutza, teknologia eta jarduera ekonomiko berriak bultzatu nahi dituzte. Horretarako graduondoko programak eta lanean ari diren profesionalak trebatzeko ikastaroak burutuko dituzte.

Hurrengo lau urteetarako sei proiektu dituzte buruan. Horien artean, ondarea eta irudi birtuala uztartzen dituena, edota ondarea eta ekonomia lotzen dituena. Erakunde publikoek aurkeztu zuten fundazioa, baina ekonomikoki ez da horien menpe egongo, autofinantzatu egingo baita, Azkaratek azaldu zuenez. Horretarako lehiaketetan parte hartuko dute eta aholkularitza lanak, graduondoko ikasketak eta ikastaro espezializatuak egingo dituzte.