argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko kulturgileen kritika
Kultur-konpainiak kexu dira ekimen artistiko txikiak bazterturik gera daitezkeelako
  • Euskal Hirigune Elkargoa kultur-politikaren dokumentu berria bozkatzear denean, hogei proiektu baino gehiago biltzen dituen Taula Federazioak kexa plazaratu du ohar bidez, ikuskizun biziko konpainia profesionalen kezkak ez direla egiazki kontuan hartuak izan salatuz.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 20a
Taula Federazioko eragileek sareetan argazki banarekin osatu duten protesta. Argazkia: Taula Federazioaren Facebook kontutik hartua.

Tokiko konpainien biziraupenaren garrantzia erabatekoa dela diote Taula Federazioko kideek, horiek egiten baitute gizarte bat eraikitzea, kulturalki janztea eta lurralde-maila bat ziurtatzea. Txikiak eta askotarikoak izanagatik, babesa eskatzen dute konpainia txikiek, eta mezu horixe bera zabaldu dute Euskal Hirigune Elkargoaren epe motzeko zereginetan kultur-politikaren proiektu berria bozkatzear dagoenean, eta sinatzaileen arabera, laguntzarik handienak proiektu handiei bideratutakoak dira.

Idazketa egiteko puntu garrantzitsutzat hartu zuen Elkargoak kultur-eragileekin plazak eratzea, eta hala egin zituzten hainbat topaketa. Taula Federazioko ordezkariak ere izan ziren jardun horietan, baina plazaratutako kezkak ez zaizkiela aintzat hartu uste dute. Beraz, konpainia txikien zeregina zalantzan jarri dutela salatu dute, finean, funtzioa publiko gazte eta eskola ikusgarrietara hertsiki mugatu zaiela. Are gehiago, hedapen garai indartsuak (Abian, Tuut...) ahantzi eta Hameka proiektuari bukaera eman zaiola ere leporatzen diote Elkargoari. Gauzak horrela, tokiko konpainian biziraupena arriskuan jartzen dela kexatu dira.

Dokumentu guztia euskaraturik irakur daiteke Kazeta.eus atarian.