Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak burutu dute ekintza ostegunean, emakumeek bizi duten prekarietate egoera bistaratu eta greba feministara deia egiteko.
“Prekarietateak eta murrizketek kulerotan uzten gaituzte!” lemapean, Argitan eta Berri-Otxoakeko kideek kulero mordoa zintzilikatu dute Barakaldoko (Bizkaia) Beurko auzoko Lanbideren bulegoko ateetan. Ekintza martxoaren 8ko greba feministara deia egiteko baliatu dute, eta prekarietate egoeran diren emakumeak planto egitera gonbidatu.
Luzatutako datuen arabera, Barakaldon 3.729 emakume daude langabezian. Populazioaren %16, gizonen langabezia tasa %12koa den bitartean. Langabetu gehienak, gainera, 45 urtetik gorakoak dira, lana aurkitzea zailagoa bilakatzen duen adin-tartekoak. Bestalde, enplegua duten emakumeei dagokienez, gizonezkoen soldaten ondoan %24,4 baxuagoak diren ordainsariak dituzte, eta aldi baterako kontratuetan ere emakumeak galentzen dira.
“Guzti honek zuzenki eragiten du gure (emakumeen) autonomian eta gure orainaldiko eta etorkizuneko eskubideetan, hauek murriztuz, eta gu hirugarren pertsonekiko menpekotasun egoeran kokatuz. Ez da harritzekoa emakumeek gizonezkoenak baino %37 baxuagoak diren pentsioak jasotzea”, azaldu dute ekintza burutu dutenek.
Barakaldoko emakumeen prekarietate egoeraren datu gehiago eman dituzte: 1.613 emakume DSBEarekin edo soldata sozialarekin bizi dira; 343 emakumek enplegu prekarioaren bitartez irabazten duenaz gain, diru-laguntzak behar dituzte gastuei aurre egiteko; eta 345 emakumek subsidioak behar dituzte pentsioaren osagarri bezala.
Datuok eskuetan, eta DESBaren erreformaren aurrean, txirotasunari benetan aurre egingo dion DESB bat exijitu diote Euskal Enplegu Zerbitzuari. Bidenabar, Eusko Jaurlaritzak arlo sozialean egindako murrizketak ere salatu dituzte.
“Osasungintzan, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta mendekotasunean egiten diren murrizketak emakumeen lan, diru eta denboraren bizkar egiten dira. Behingoz, egiazko zaintzen birbanaketa soziala inplementatzea nahi dugu, eta lan eta aberastasun oro pertsona guztientzako baldintza justuetan banatzea”, aldarrikatu dute.