“Edozein unetan” hutsaraz dezakete OihuK Errekaldeko gune feminista. Topatu.info-k jaso duenez, Bilboko epaitegiak bertako kideei eraikina iragan igandea baino lehen uzteko agindu zien. Epea gaindituta dagoenez, Ertzaintza edozein momentutan joan liteke eraikina hutsaraztera.
OihuK pasa den uztailan eratu zuten, emakume lesbiana, transexual eta feministen topagune izateko eta bizi espazio antipatriarkala garatzeko helburuarekin. Bertako kideen iritziz, OihuK sortzeko “behar handia” zegoen, “bestela Bilbon ez baitago borroka feminista garatzeko espazio autogestionatu eta autonomorik”. Hasieratik zapalkuntza ororen arbuioa izan dute ardatz, eta horren baitan hainbat ekintza antolatu dituzte gaur arte.
Facebooken bidez argitaraturiko oharrean adierazi dutenez, sare feminista ehuntzea eta emakumeentzat segurtasun espazio bat eratzea nahiko lukete, “bertako pertsonak subjektu politiko bilakatzearekin batera”. Alabaina, euren asmoak gauzatzea ez zaie erraza suertatzen ari, poliziaren jazarpena “lehen egunetik” jasan baitute.
Irailetik arriskuan
Kaleratze arriskuan irailaz geroztik daude: argia eta ura moztu eta eraikina uzteko agindu zieten orduan. OihuK-ko kideak, aitzitik, "erresistentzian bizitzen jarraitzeko prest” agertu ziren. Orain, Bilboko epaitegiak eraikina hutsarazteko agindua eman du sententzia bidez. Horren aurrean, alerta gorria ezarri eta espazioa defendatzera deitu dute. Espazioa uzteko epea dagoeneko iragan da, beraz, litekeena da desalojoa laster gauzatzea.
Horrenbestez, OihuKren balizko hutsaraztearekin, Kukutzaren eraistearen ondoren Errekaldeko auzoak beste gune autogestionatu bat galduko luke.