Irailaren 21ean, ostiralean, lehenengo urteurrena beteko da Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi zutenetik. Hori dela-eta, kontzentraziora deitu dute ostiralerako, arratsaldeko 18:30ean Bilboko Udaletxe aurrean. Ondoren, 20:30etik aurrera, poteo herrikoia egingo da Errekalden, Fabe de Fuka taldearekin.
Sonatuak izan ziren iazko gertaerak. Irailaren 21ean, Ertzaintza Kukutzan sartu eta hustu egin zuten gaztetxea; Argian berriaren jarraipena egin genuen. Istiluak izan ziren auzoan, baita atxilotuak ere. Bi egun geroago, 23an, eraitsi egin zuten eraikina, eta unean uneko jarraipena egin genuen orduan ere.
Eztabaida handia sortu zuen aferak, tartean Kukutzaren jarduna bat-batean mozteak, Bilboko Udalaren erantzukizunak, prozesuaren irregulartasunek eta jabetza pribatuaren inguruko gogoetek eraginda.
Hain zuzen, Iñaki Carro Kukutzako abokatuari elkarrizketa egin genion eta argi utzi zuen: "Eraispenaren aurretik egindako epaiketan garbi geratu zen atzetik Bilboko Udala zegoela, eta ez enpresa. Eraispenaren defentsa handiena udal abokatuak egin zuen, Cavisa enpresaren abokatuak atxikimendua baino ez zion adierazi. Bilboko Udaleko abokatuak Kukutza bera oso gogor kritikatu zuen, eta proiektuaren ilegaltasuna salatu zuen".
Prozesuari buruz, irregulartasunak salatu zituen Carrok: "Epaitegiak eraispen agindua eman zuen inputatuen deklarazioa baino lehen, hori ilegala da. Jabe batek salatu dezake okupa batzuk sartu direla bere etxean, baina igoal ez dira okupak, maizterrak baizik. Horregatik epaileak alde guztiak entzun behar ditu. Bestalde, Cavisak agortuta zuen eraikitzeko baimena. 1994an erosi zuen eraikina, eta auskalo zer trapitxeorekin lortu zuen Udalak espresuki lurra urbanizagarri bihurtzea. Baina Udalak uzten dizu eraikitzen baldintza batekin: eraikitzeko. Itxaroten baduzu ea lur zoruaren prezioa igotzen den... Hori espekulatzaileek egiten dute".