AEBetako Estatu Departamentuak onartu du osasun eta gizarte-programak erabili dituztela Kubara gazteak bidaltzeko “praktika demokratizatzaileak” sustatzera. Programek “gizarte zibila indartzea eta kubatarrek informazio gehiago eskura izatea” ahalbidetzen zutela argudiatu dute.
Jennifer Psaki Estatu Departamentuko bozeramaileak kazetarien galdera askori erantzun behar izan die, AP albiste agentzia estatubatuarrak “ezkutuko” programari buruzko informazioa argitaratu eta gero.
Psakiren esanetan, “ez zen ezkutuko programa izan, gauzak modu zuhurrago batean egiten diren bat baizik, bertan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna babesteko”. Kongresuak programa horren berri zuela eta onartzen zuela ere berretsi du.
“Misio horiek gizarte zibila laguntzen zuten, eta aldi berean bigarren abantaila bat zuten: kubatarrek eskatzen zuten bezala, GIBaren prebentziorako informazioa eta entrenamendua jasotzea”, defendatu du Psakik.
Kazetariek Psakiri galdetu diote ea programaren helburua Kuban erregimen aldaketa bultzatzea zen, baina ez du erantzun. Gauza bera gertatu da “ezkutuko” programek benetako mediku-misioetan izan dezaketen eragin kaltegarriei buruz galdetu diotenean.
“GIBaren prebentziorako misioa jendeari inporta zaizkion gauzekin lan egiteko saiakeraren atal bat besterik ez zen”, esan du Paskik. Garbiketa komunitarioak, kultura aktibitateak edota zuhaitzen landaketak aipatu ditu Kuban garatutako helburu politikoa duten beste proiektuen artean.