argia.eus
INPRIMATU
Kubak elkartasunez atzerrira bidalitako medikuen aurkako kanpaina abiatu dute AEBek
  • Kubak koronabirusaren aurka egiteko atzerrira bidali dituen brigada medikuen aurka hasi dira AEBak, zehazki Italiara gaitzari aurre egitera joandako mediku talde kubatarraren aurka. Bitartean, azken astean Trumpek gobernatutako herrialdea bihurtu da gaitzaren hedapenak gehien kolpatu duen herrialdeetako bat.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a
Kubak Italiara bidalitako sendagileen elkartasun brigada (argazkia: Telesur).

Aspaldi hasi zuen Trumpek Kubako brigada medikoen aurkako kanpaina mediatikoa, beste herrialdeak presionatzeko asmoz. Latinoamerikan duen aliatu estrategikoak, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak, Kubako Gobernuari leporatu dio bere medikuak "esklabo" gisa lanean edukitzea eta haien soldataren zatirik handiena kentzea.

Baieztapen horien aurrean, Habanak Brasilen zituen medikuak erretiratzea erabaki du, gehienak hiriguneetatik urrun zeuden eremuetan lanean ari zirenak, zeinetan oinarrizko baliabideak ere faltan zeuzkaten. Boliviako gobernu berriak ere, Jeanine Ibañez buru duela, baita Ekuadorkoak ere, Brasilgo agintariaren urratsak jarraitu dituzte eta Kubaren elkartasun brigadak kritikatu dituzte.

Komunikatu baten bidez, AEBetako Estatu Departamentuak gogor egin du Kubak Italiara edo Belizera Covid-19ari aurre egiten laguntzeko bidali dituen brigaden aurka. Dokumentu horren arabera, Ertamerikako herrialdeak bere "gehiegizko" osasun sisteman gastatutako duen dirua berreskuratzeko bakarrik bidali ditu medikuak atzerrira.

Haratago doa AEBek zabaldu nahi duten mezua, eta Covid-19aren aurkako borrokan Kubaren laguntzaren bila ari diren herrialdeei eskatu die azter ditzatela akordioak eta ez dezatela lan gehiegikeriarik ahalbidetu.

Kubako Kanpo Harremanetarako Ministerioak adierazpen horien aurka protesta egiteko ohar diplomatikoa igorri du. Azpimarratu duenez, "Estatu Batuetako Gobernuaren deskreditu-kanpaina moralgabea da edozein egoeratan. Bereziki iraingarria da Kubarentzat eta munduko gainerako herrialdeentzat, guztiok mehatxatzen gaituen pandemia baten uneetan, eta denok beharra dutenei elkartasuna eta laguntza sustatzen saiatu beharko genukeenean”.