Polemika handia sortu du gasteiztarren artean hiriko Salburua auzoko hezeguneen ondoan merkataritza-gune bat eraikitzeko proiektuak.
Gasteizko Udaleko EAJ, EH Bildu eta Irabazi-Ganar alderdi politikoak proiektuaren aurka daude, eta Ekozaleak elkarte ekologistak abian jarri du proiektuaren aurkako sinadura bilketa; 4.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko. Elkartearen ustez, “merkataritza-gune hori eredu urbanistiko basatiaren beste adibideetako bat da. Eraikuntza modelo horrek ondorio sozial larriak eragin ditu dagoeneko, eta ez die erantzuten iraunkortasunari eta jasangarritasunari lotutako helburuei”.
Eguzki talde ekologista ere iritzi berekoa da, eta komertzio lokal jasangarria garatzeko deia egin du: “Egin dezagun hiria eta komertzioa herritarrentzat”. Gasteiz Merkataritza Bizirik elkarteak udaleko zerbitzu juridikoei borrokatzeko deia egin die: “Legea betetzeko dago, baina baita aldatzeko ere. Merkataritza sektoreak soilik ez, inork ez du beste merkataritza-gunerik nahi, proiektuaren sustatzaileek salbu”.
Gasteizko Udala: proiektua geldiarazteko aukera gutxi
Gasteizko Udalaren arabera, ordea, ez dute proiektua gelditzeko aukera handiegirik: “Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra onartzen den momentutik aurrera, erabilera komertziala du saldutako partzelak, eta lur-sailaren jabeak nahi duen momentuan erabilera hori emateko eskubidea du. Eskubide hori bete ezean, milioika euroko isuna ordaindu beharko dugu”. Proiektuaren sustatzaileek Udalari bidali diote dagoneko oinarri juridikoa duen ohartarazpena, eta erantzukizun patrimonialak ere galdegin dizkiete espedientea geldituz gero. Nolanahi ere, proiektuak aurrera eginez gero, argi utzi dute baldintzak jarriko dituztela abian jarri daitezkeen instalazioen inpaktua txikiagotzeko.
Partzelaren jabea Ebrogram enpresa da, eta 7,6 milioi euro ordaindu zizkion Saski Baskoniari. Hipercor, Decathlon eta Mercadona enpresekin negoziatu zuen aurretik, baina huts egin zuten negoziazioek. Merkataritza-gune bat eraikitzeko laugarren saiakera da oraingoa, beraz. Zati hau da Udalak Baskoniari saldu zion partzelatik eraiki gabe geratzen den bakarra; aurretik, BAKH, Caja Vital eta apartamentu ugari eraiki zituzten.