14 greba egunen ondoren eta beste greba egun baten atarian, aurreakordioa sinatu dute sindikatu gehienek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin. Akordioak langileen hiru aldarri nagusiei erantzuten diela diote sindikatuek: “Erosahalmena bermatzea, lan kargak arintzea eta lanpostuei eustea”.
ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek adostu dute aurreakordioa. LAB sindikatuak erabaki du akordioa ez sinatzea eta bere oinarriekin baloratzea erabaki definitiboa. Izan ere, soldatetan %16ko igoera eta KPIaren araberako igoerak adostu dituzte, eta LABek “ez du ulertzen zergatik uko egin zaion mahai gainean zegoen langile publikoekiko soldaten ekiparazioari, %18ko eta %20ko igoerei, hain zuzen ere”.
Soldataz gain, lan kargak arintzeko hainbat neurri erabaki dituzte: jardunaldiak murriztuko dira, gutxienez ordubete irakasle eta etapa guztietan, eta beste ordu osagarri bat gutxienez izango dute irakasleek. Gainera, esaterako, Haur Hezkuntzan urtean 20 orduko lanaldi murrizketa izanen dute irakasleek, eta laguntzaileek 38 ordukoa. Hezkuntza Laguntzaile Espezialisten kasuan, 20 orduko murrizketez gain, ordu osagarri gehiago izango dituzte: hiru gehiago lan jardun osoan daudenek, bi lan jardun erdiarekin.
Hirugarrenik, lanpostuak bermatzeko hainbat puntu ere jaso dituzte: birkokapen akordioa eta erreglamendua gaineratu da akordioan.
Lanbide Heziketan, lanaldi presentziala 32 ordukoa izango da gehienez, 19 ikasletik gorako praktika eskoletan bigarren irakasle bat ipiniko da, eta ikasleen jarraipena egiteko ordu gehiago bermatuko dira.
Sektorea 9.000 profesionalek egiten dute lan eta orotara 13.000 ikasle inguru hartzen ditu.