argia.eus
INPRIMATU
Kristau Eskolako eta IZEAko langileek grebei berrekingo diete
  • Duela hamar urteko lan hitzarmena berritu nahi dute Kristau Eskolako eta IZEAko langileek, enplegua bermatzea eta “lan baldintza prekarioei” aurre egitea helburu. Baina diote patronalek ez dutela negoziatzeko inongo borondaterik, eta martxoko eta maiatzeko mobilizazioen ostean, grebara bueltatuko dira, astearte eta asteazken honetan. Azaroan beste lau greba-egun aurreikusi dituzte, 27tik 30era.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urriaren 08a

Duela hamar urtetik hitzarmena berritu gabe, eroste ahalmenean %10etik gorako galera dutela eta lan baldintzak eta lan-kargak gero eta prekarioagoak direla salatu dute langileek, baina patronalak “erabateko inmobilismoan” jarraitzen duela, entzungor.

Nagusiki, honakoak dira eskaerak: enplegua bermatuko duen akordio bat, eroste ahalmena berreskuratzea, langile guztien lanaldia erregulatzea (irakasle ez direnak barne), eta prekarizatuen eta feminizatuen dauden Hezkuntza-laguntzako espezialista zein Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileen lan baldintzak hobetzea.

“Patronalek ez dute zirkinik ere egin, negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude eta eskakizunetako bati ere ez diote erantzun”, diote STEILAS, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. Horregatik, “Gizarte ekimeneko ikastetxeak borrokan” lelopean, mobilizazioekin bat egitera deitu dute sindikatuek, patronalak negoziatzera eser daitezen presionatzeko.