Krisiaren laugarren urtea eta Espainia erreskate atarian

  • Zapatero sozialdemokrata Estatuaren defizita Konstituzioan bertan zikiratzen, Sarkozy kontserbadorea aberatsenentzako zergak iragartzen... Badakite agintariek zer nahi duten, edo zer egin dezaketen, nork bere herrialdea krisi larritik ateratzeko? 2007tik hona dogmak desagertu dira, erantzun klasikoak agortu, eta pixkanaka beldurra nagusitzen hasi.


2011ko irailaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Dorothea Lange argazkilariak erretratu gogoangarrietan bildu zituen AEBetan 1930eko hamarkadan krisiaren atzaparretan harrapatutako jendeak. Interneten Flores y Palabras blogak ipini duen honetan, Imperial Valleyko familia bat ageri da, 1937an. Urte

“Guk ez dakigun zer ote daki Zapaterok?” galdetu du abuztu bukaeran Público egunkarian Ernesto Ekaizer kazetari ondo informatuak. “Zeren eta –jarraitzen du La carta robada artikuluan–,  Espainiako defizit fiskalari buruz Konstituzioa aldatzeaz egin duen iritzi aldaketa txundigarriak erakusten baitu gure lemazain handiak izozmendiari tontorra ikusi diola eta hura saihestearren keinu gehiago egin behar zirela uste izan duela”.

2011ko udak Espainia baitako jendeei opari mikatza ekarri die: Portugalek bezala Europari erreskatea eskatu beharra askoz hurbilago usaindu dute. Ez bakarrik Estatuaren zor publikoaren interesek gainditu dituztelako ametsik gaiztoenetako tasak; ustez konponbidean zirudien banku eta aurrezki kutxeen zorren moldaketa bera, orain berriro zintzilik omen dago.

Telebista kate frantsesak tarteka  ikusteko zortea edo bizioa duten euskaldun bakanak ez ziren sobera harrituko. Apirilean bertan, kanal publiko batean eztabaidan ari zirela, Jacques Sapir ekonomialari ezagunak hitz lauz adierazi zuen Espainiak Europari salbamendua eskatzea urrian suertatuko ziola. Hegoaldeko euskaldunak igarri behar dio.

Baina 2011ko abuztua historiak ez du gogoratuko Espainiaren estutasunengatik, are gutxiago Zapaterok eta Rajoyk beren arteko urruntasuna presaka eta muturka kontsentsu bilakatu zutelako. Askoz larriagoa izan da mundu osoko burtsen muturrekoa: lehen hamabost egunetan %18 galdu du Madrilgoak, %8 New Yorkekoak... Burtsan dirurik jokatzen ez duenari bost axola, baldin eta egoera orokorraren okerragotzearen seinale ez balitz. 2008an krisiaren lehen une zinez larria markatu zuen Lehman Brothersen hondoratzearen pareko astindua eragin omen du.

Non gaude, beraz, oraintxe bertan? 1929an hasi eta 1930eko hamarkada osoa hartu zuen krisiaren pareko batean sartuta gaudenez, asko dira 2008a konparatu dutenak 1929arekin. 2011z, aldiz, Espainiako eta Europako sozialdemokraten iritzia ondo laburbiltzen duen Joaquin Estefaniak –El País madrildarraren zuzendari izan da–  uste du herrialde garatuak daudela AEB 1937an zeuden antzeko puntu batean.

1930eko hamarkadan Roosevelt presidenteak martxan jarri zuen New Deal egitarau famatua, gaur sozialdemokratek aitapontekotzat laudoriatzen duten Keynes ekonomialariak proposatu bezala inbertsio publiko erraldoiez ekonomia koma egoeratik ateratzeko. Kontua da 1937an gauzak nahiko bideratuta zeudelakoan  Rooseveltek eten egin zituela pizgarri publikoak, eta ohartzerako bigarren atzeraldi batean sartuta zeuden.

Oraingoan askoz laburragoa izan da keynesianismoaren bizia, 2008tik 2009ra doi-doi. Ondoren, munduko sozialdemokrata eta liberalek kontrakoa espero eta aldarrikatzen bazuten ere, ortodoxia neoliberala egin da berriro guztiaren jabe.

Atzerakada Handia (Great Depre-ssion) ez zen AEBetan bukatu II. Mundu Gerra bitartean. Estefaniak ez gaitu lasaitu Keynesen hitzok hautatu dituenean: “Nire argudioak zuzenak direla frogatuko lukeen esperimentu handia egiteko, demokrazia kapitalista batean politikoki ezinezkoa dirudi gastu publikoa behar adinako eskala handian antolatzea, baldin eta ez bada gerra batek sortutako baldintzetan”.

Zeren bukaera

Krisiaz hainbeste idatzi duen Michel Husson ekonomialari ezkertiarrak berrikitan Una crisis sin fondo argitaratu du Viento Sur aldizkarian. Hussonen hitzetan, bi krisi handik astindu dute kapitalismoa uda honetan: Europako estatuen zorrak batetik, bestetik AEBen zorpetze ahalmenaz egondako eztabaida eta zalantzek. Berriro ekonomiaren estutasunak hain urrun iritsi izanak erakusten du 2007an hasi eta 2008an lehertutako krisia bukatzetik urruti dagoela.

Zergatik? Jorge Blazquez-ek El Paísen plazaratu duenez El final de un modelo de crecimiento global ari garelako ikusten begi aurrean. Ezkertiar izateko motibo gutxi ditu Blazquezek, Espainian petrolio erreserba estrategikoak kudeatzen dituen CORES erakundeko presidentea da eta. Era oso grafikoan laburbildu du Blazquezek gaur herrialde garatuek ekonomia biziberritzeko daukaten dilema ezin konponduzkoa.

Gauza da azken hamarkada luzean herrialde aurreratuak gutxi hazi direla, urtean %1,9 besterik ez, eta aldiz goraka datozenak – “emergenteak”– %6,2. Beraien hazkunde txikia izan arren, herrialde garatuek mugitu dute emergenteen beroaldia. Nola? Zorpean kontsumituz.

Urteotan Europa eta Ipar Amerikako familiek asko kontsumitu ahal izan dute, gero eta gehiago produktuak atzerritik inportatuz, itxura batean mugarik gabekoa zuten zorpetzeko ahalmenari esker. Ordainetan, garabidean dauden herrialdeetako herritarrek egin behar zuten esportaziorako produzitu eta gainera beren aurrezkiz Europa eta Ipar Amerikakoen zorrak finantzatu.

2008an agortu zen garapen eredu hau, Blazquezen aburuz. Herritarren erosteko joera hozten hasi zenean, hasiera batean gobernuek ekonomia sustatzeko neurriak jarri zituzten martxan: kontsumoa erraztu, obra publikoa indartu... Ez zuen operazioak askorik iraun. Ondoren agintariek kontrako norabideari ekin zioten errukirik gabe: gastu publikoak murriztu, ongizate gizartearen aurrerapenak desegin, langileen eskubideak suntsitu... Estatuek beren legedietan zorpetzeari uko egiteraino.

“Azken hamarkadan –bukatu du Jorge Blazquezek– bizi izan gara ekonomia globalizatuan, non garabidean diren herrialdeek jartzen zuten hazkundea eta finantziazioa, eta garatuek kontsumoa eta zorra. Finantzen krisiak erakutsi du eredu hau amaierara heldu dela. Baina krisi honen itzalak arindutakoan, galdera hau geratuko da: zein hazkunde eredu nagusituko da eta zein sektore eta herrialde aterako dira irabazle egoera berrian?”.

Alabaina, “krisiaren itzalak arindutakoan” esatea hitz egiteko postura bat da, inork ez dio irtenbiderik ikusten honi. ATTAC erakunde altermundialistako buruzagi Eric Toussaintek dio krisiak hamarkada bat edo bi iraunen duela. Antzeko kalkuluak egiten dituzte ezkerretik beste batzuek. AEBetako Yale unibertsitatean irakasle den Immanuel Wallerstein-ek dio: “Mundu mailan noraeza eta kaos garaiak datoz”.

Aldiz, ezkerretik honek ere, Theotonio dos Santos brasildarrak erantzun die benetako krisi latza ez dugula oraindik ikusi, mundu mailan begiratuta oraindik ekonomia hazten ari delako. Benetako krisia hamar urte barru ezagutuko omen dugu, eredu teknologikoa aldatzeko garaia iristen denean. “Egunotako krisia bromazkoa irudituko zaigu orduan”.

Bromazkoa oraingoa? Ea espainolek, tartean euskaldunek, nola zeharkatzen duten 2011-2012ko negu latza.

Informazio gehiago:

- Michel Husson-en "Una crisis sin fondo" Rebelion wegunean.

- Ernesto Ekaizer-en "La carta robada" Publico egunkarian.

- Jorge Blazquez-en "El final de un modelo de crecimiento global" El Pais egunkarian. - Joaquín Estefanía-ren "Pentimiento" El Paisen.

- Juan Ignacio Crespo-ren "El verano que murió Elvis" El Paisen.

- Eric Toussaint "Esta crisis mundial va a durar una o dos décadas" CADTM gunean.

- Theotonio dos Santos-en "¿Se puede comprender el caos?" Alainet gunean.

- Immanuel Wallerstein-en "Se vienen años de incertidumbre y caos" Alainet gunean.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude