Krisia ate joka… diru-laguntzak behera

  • ARGIAko kazetari gehienok abuztuan egiten dugu opor, gure irakurleak ezagun duen moduan hilabete honetan ez baita aldizkaririk kaleratzen. ARGIA.com-ekoak geratzen dira lanean. "Deskonektatu eta indarrez itzuli", luzatzen diogu elkarri. Hala behar du eta horretan saiatuko gara, baina uztailean egin dugun akziodunen batzarrak ez du aho-zapore onik utzi. Krisia ate joka da.

    Gure diru sarreretan hiru zutabe nagusi ditugu: aldizkariaren salmenta, publizitatea eta diru-laguntza publikoak. Publizitate sailean %25eko beherapena aurreikusi genuen urte hasietan eta, hala ere, borroka latzean ari gara helburuetara iristeko. Baina gogotik lan eginez gero, eremu pribatuak oraindik ere erantzuten du; sektore publikoan ez dago borrokatzerik, ez ei da dirurik –guretzat behintzat– eta listo.


2010ko uztailaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Aldizkariaren salmenta aurreikusitakoaren arabera doa, ez dago etxafuegorik botatzerik, baina ezta hondamendirik ere. Krisia krisi, hor eusten ari gara, berriz ere gure irakurlearen fideltasun itzela argi frogatuz. Zenbait gauza ondo egiten ari garen seinale ere bai seguruenik, eta hori poztekoa da.

Oraingoz behintzat hirugarren hanka da kale egin duena, diru-laguntzena. Eremu honetan gurean bederen bi iturri dira nagusi: Eusko Jaurlaritzarena da handiena eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Aurten Jaurlaritzak eutsi egin dio hedabideen artean banatu beharreko diru kopuruari eta hori bera, basamortu giro honetan, ez da gutxi. Baina komunikabideok oraindik ez dakigu bakoitzari dagokiguna, banaketa ez baita publiko egin oraindik. Zain gaude, beraz.

Tsunamia Gipuzkoako Foru Aldunditik (GFA) iritsi zaigu aurten: 2009an 71.000 euro jaso genituen eta aurten 26.000, hau da, %63 gutxiago, 45.000 euro gutxiago. Pentsa daitekeenez, gu moduko 21 langileko enpresarentzat kolpe itzela da hori. Krisi doinuekin akaso beherapenak izan zitezkeela pentsa zitekeen. Jakin zenean Diputazioko departamentu guztietatik 2010eko aurrekontuetan Kultura eta Euskara sailak izan zuela mozketarik handiena (%23), gu ere tankerako beherakadarako prestatu ginen. Baina ez, %23 ez, %63 murriztu zaigu laguntza. Murrizketa orokorrak denok kaltetu gaitu, baina batzuk bereziki, eta horiek prentsa orokorrekoak gara. Berbarako, Gaztezulok %81eko beherakada izan du eta Jakinek %69koa.

Zergatik? Nola ulertu hori? Non zigorraren arrazoia? Eta hori galdetzera joan ginen Diputaziora. "Ez dago dirurik, sentitzen dugu" (Eta guk, besteak beste, AHT buruan, erraustegia, Realari emandako 1,2 milioi extra horiek...). Ez genuela ulertzen, beste hedabide asko ere ari zela %25eko murrizketaren bueltan, baina aldizkari orokorretara jauzia sekulakoa zela. Eta orduan azaldu ziguten banaketa irizpideak aldatu zituztela: diru gutxi zutela eta poltsaren banaketa hala egitea erabaki zutela: %60 herri aldizkarientzat, %25 eskualdekoentzat eta %15 orokorrentzat. Eta hori guztia diru-laguntza deialdian ezer jakinarazi barik edota aldez aurretik inongo jakinarazpenik egin barik. Ez idatziz ez ahoz.

Erantzuna izan zen Jaurlaritzak arduratu behar zuela aldizkari orokorrez. Eta guk "ea haiekin hitz eginda zegoen horren gainean". Ezetz, datorren urterako koordinatu beharko zutela. Eta gu zur eta lur emandako erantzunekin. Ez litzateke leiala gure agintariekin izandako bilera pribatuetan esandako guztiak publiko egitea, baina aipatutakoa bederen bai, hor dagoelako banaketaren gakoetako bat eta hori, gutxien-gutxienez, aldez aurretik publiko egitea edo jakinaraztea litzateke garbiena.

Aurten ARGIAk Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jasotzerakoan esandako berbok balio dute oporretara joan aurreko artikulu hau bukatzeko: "Askotan konplexua sortzeraino entzun behar izan ditugu kultura eta hizkuntza subentzionatuarena, artifizialki bizitzearena eta gisakoak. Eta orain zer eta gobernuek bankuak salbatzen dituzte. Eta milioika euro bideratzen dira autoen lantegietara, altzarien salmentara, eliteko kirola bultzatzera, azpiegitura erraldoietara... Eta gu ginen diru-laguntza publikoetatik bizi ginenak". Bai, zalantzarik ez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia oraindik ere indarrean dagoenean, gobernantza eta 2.0-ren garaian, guk ere sukaldeko garbigailuak beste izan nahi dugu. Zeuretzat ere opor on irakurle.


Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude