Botoa eman zezaketen herritarren %82,71k parte hartu dute igandeko Krimeako erreferendumean eta gehiengo zabalak Ukrainatik banatzearen alde egin du, Errusiarekin bat egin aurreko urrats gisa.
Zenbaketa amaitu baino lehen, Mijail Malishev hauteskunde batzordeko buruzagiak azaldu zuenez, hautesleen %3ak soilik agertu da autonomiaren alde.
Krimeako parlamentua gaur bilduko da ohiz kanpoko batzarrean galdeketaren emaitzak onartzeko. Ondoren Vladimir Putin Errusiako presidentearengana zuzenduko da, Krimeako errepublika Errusiar Federazioan onar dezan.
Putinek erreferendumaren legezkotasuna defendatu du Barack Obama presidente estatubatuarraren aurrean. Krimea Errusiar Federazioan sartzen bada, zigorrak ezarriko direla baieztatu du Obamak ordea.
Munduko zazpi ekonomia industrializatuenek osatzen duten G7 taldeak (Alemania, Kanada, AEB, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Japonia) ez dute atzoko galdeketa onartu eta AEBen ildoan, zigorrekin erantzuteko aukera jarri dute mahai gainean.
Bien bitartean, Sergei Neverov Errusiako Parlamentuko presidenteordeak baieztatu du, Krimea herrialdera batzeko beharrezkoak diren legeak onartuko dituela parlamentuak.