argia.eus
INPRIMATU
Krimeako parlamentuak Ukrainatik banatzearen alde bozkatu du
  • Krimeako parlamentuak Ukrainatik bereizteko independentzia aldarrikapena onartu du asteartean. 100 legebiltzarkidetatik 78k egin dute bat aldarrikapenarekin.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 11
\"Faxismoa ala Errusia\": Krimeako independentzia erreferendumean Errusiaren aldekoek egindako afixa.

Independentzia aldarrikatzearekin batera, Errusiarekin bat egiteko borondatea erakutsi du Krimeako parlamentuak. Martxoaren 16an independentzia erreferenduma egitekoak ziren eta gaurko deklarazioa aurretik etorri da.

Onartutako testuak Kosovoko kasua aipatzen du aurrekari gisa, nazioarteko legediaren barruan sartzen dela adierazteko. Zehazki, honela dio: "Guk, Krimeako Errepublika Autonomoko parlamentuko eta Sebastopol Hiriko Udaleko kideok, Nazio Batuen Karta eta bestelako nazioarteko dokumentu ugari kontuan izanda, baita Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Epaitegiak 2010eko uztailaren 22an Kosovoren estatusaz eman zuen baieztapena, zeinak dioen herrialde bateko zati baten alde bakarreko independentzia aldarrikapenak ez duela nazioarteko araurik urratzen, erabaki hau hartu dugu".

Penintsulan bolondresez osatutako unitate militar propioak ere sortu dituztela irakur daiteke Russia Todayren webgunean, Kievek independentzia aldarrikapenari eman diezaiokeen erantzunaren aurrean "autodefentsa" gisa.

Krimeako partida

Tentsio handiko egunak bizi dituzte orain arte Ukrainaren parte izan den eskualdean. Viktor Janukovitx Ukrainako presidentea indarrez kargutik kendu ostean, Errusiaren aldeko herritarrak gehiengoa diren eskualdean mugimendu separatistak izan dira, baita bertan zeuden militar errusiarren mobilizazioak ere.

Putinen gobernuak inguru horretan zeuzkan soldaduak mugitu zituen Errusiaren aldeko ukrainarren “segurtasuna” babesteko egiten zuela argudiatuz.