Kosovoko berri txarrak gauez banatzen zizkigun e-postaria


2002ko azaroaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:11:59
Pello Zubiria pzubiria@argia.eus Sevdije Ahmeti du izena, 57 urte ditu eta Europan oihartzuna izan duen liburua plazaratu du: "Journal d'une femme du Kosovo (février 1998-mars 1999) (Kosovoko emakume baten egunkaria). Carlotte Valadek eman du liburuaren eta egilearen historia hunkigarriaren berri "Transfert" aldizkarian. Ahmetik, izan ere, serbiarrek Kosovoko albaniarren kontrako garbiketa etnikoa hedatzen zuten egunetan, erresistentziako ekintza eraginkorra burutu zuen: egunean zehar lortzen zituen informazioak posta elektronikoz buletin batean bildu eta munduan zehar ezagutuak zituen pertsonei (1.300 helbidetara) banatzen zizkien gauero. Buletin horiek osatzen dute NATOk serbiarrei erasotzeko erabakia hartu zuten eguna arteko gertakizun beldurgarrien kronika garratza. Kontakizun horiek aipatu titulua daraman liburuan argitaratu ditu berrikitan Parisen Gosearen kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoak (CCFD). Lehen mezua 1998ko martxoaren 6an bidali zien bere 1.300 hartzaileei. "Gerra dago Kosovon. Baina dena 1989an hasi zen. Sinestezina da denbora guzti honetan guk inolako laguntzarik lortu ez izana (...) Ipuinean bezala `otsoa dator' esaka ari ginela uste zuten. Pazientzia galdu dugu eta konfidantza ere bai. Milesker anitz gerra ekiditeko ezer egin ez edo gerra lehertu dadin ahalegin guztia egin dutenei". Azken mezua 1999ko martxoaren 25ean bidali zuen Ahmetik, OTANek Pristina hiriburua bonbakatu zuen biharamonean. Azken kronika igorri eta biharamonean telefono haria moztu zioten emakumeari, eta martxoaren 28ko gauean gizon ezezagunak azaldu ziren ate joka, jo eta bertan hilko zutela oihuka. Ihes egin behar izan zuen. Ahizpa baten etxean ezkutaturik zegoela, maiatzaren 4an azaldu zitzaizkion lau gizon mozorrotu. Etxean ziren guztiak (ahizpa, senarra eta koinatua) bi orduz jipoitu eta torturatu ondoan, bederatziak arteko epea eman zieten alde egiteko. Eta garrantzizkoagoa zena: bere ordenagailua eraman zuten. "Ongi zekiten -dio Ahmetik- zeren bila zebiltzan. Biktimak arriskuan ez jartzeko ordura arte plazaratu gabe nituen agiriak, argazkirik onenak". Horietako asko betikoz galdurik dira. Kronikak bidaltzen hastearekin, Europako Segurtasun eta Elkarlan Erakundeak (OSCE) bi ordenadore eta argazki kamera digitala utzi zizkion. Eta tresna horiek lagun, Nazio Batuen Erakundeak eta batik bat Errefuxiatuen aldeko Komisarioak Kosovotik egiten zituzten bidaietan laguntzaile gisa joaten zen. Mugarik gabeko Medikuek eta Save the Children GKEek antolatzen zituzten konboiekin ere joaten ziren, Ahmeti eta bere laguna Vjosa medikua. Eta hala kurritu zuen Kosovo osoa, serbiarren desmasien lekukotasunak, elkarrizketak eta argazkiak bilduz. Internet, "miraria". 1995an izan zuen tresna honen lehen albistea, nazioarteko bilkura batean aurkeztu ziotenean NBEen babesean sortu berria zen Women Watch web gunea. Garai hartan Kosovo guztian ez zegoen webean nabigatzeko operatzaile komertzialik, soilik sare militante bat, Zana.pr, eskualdeko hogei ordenadore lotzen zituena. 1992an Association for Progressive Communicationerakundeak Jugoslaviarako antolatutako Zamir sarearen partaide zen: erakunde horrek kazetari independienteei eta bakearen aldeko erakundeei sare paraleloak antolatzen zizkien. Hori zen egoera 1995an. Baina 1998an gerra lehertu zenean, iadanik hemen ere Internet gorputz hartua zen, eta hari eskerrak hedatu zituen bere egunkariak Ahmetik. Gerra bukatuta, 2000ko udan, Milosevic epaitu behar zuen nazioarteko epaitegiko jueza Sevdije Ahmetiren bila joan zen Pristinara: ordenagailuko informazio baliotsu asko ohostua izan arren, Internet bidez zabaldutako lekukotasunak baliagarri izan zitzaizkion bere lanerako Epaitegiari. Baina bera ez da Hagan azaldu, epaiketan. "Orain biktimek behar dute mintzatu. Nik nire lana egin nuen". * Erreportajea oso-osorik irakurri nahi izanez gero egin klik hemen. Beste zenbait lotura: - Colby Magazinek Ahmetiri egindako erreportaia. - Koha Ditore egunkari kosovarra. - Network of East-West Women. - Kosovo.com, serbiarren ikuspegitik egina. - Nazio Batuen Kosovorako Misioa. - Italiako Amnesty Internationalek 1998an Kosovoko egoeraz egin dossierra.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kosovo
Soberania, erabakitze eskubidea eta geopolitika Kosovon

“Bada garaia Kosovoren legitimitatea eta subiranotasuna zuzenbide osoko estatu gisa onartzeko, bere herritarren borondatearen ondorioz sortutako estatu berri bat delako, ez zaio bizkarra eman behar demokraziari, ezta herritarren erabakiari ere”. Hitz hauekin, 2021eko... [+]


Bonben bidezko lehen "laguntza humanitarioa"

Aste honetan 20 urte erortzen hasi ziren lehen lehergailuak orduko Jugoslaviako herritarren gainean. 2.300 misil, 14.000 bonba inguru, tartean uranio ez aberastua zutenak erabili zituzten, egungo hainbat ikerketaren arabera 2.500 lagun hil eta 10.000 inguru zauritu zituzten... [+]


Eguneraketa berriak daude