argia.eus
INPRIMATU
Kortxoenea defendatzeko 24 orduko dinamika abian da, bertaratzeko deia egin dute
  • Astelehen goizetik hasita, 24 orduz Donostiako Kortxoenea gaztetxea defendatzeko dinamika abiatu dute: Kortxoenea Gune Askea. Egitaraua prestatzen ari dira ARGIAk jakin ahal izan duenez eta herritarrei lotarako zakuekin bertara joateko dei egin diete.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 07a

"Ekimen partehartzailea egin nahi dugu, bai Donostiako, baita inguruko herritarrei ere bertara etortzeko dei egin nahi diegu. Gaztetxea defendatzeaz gain, Udalak sustatzen duen hiri eredua salatzeko ekimena izango da hau. Tabakalera, Donostia 2016, Nazioarteko Zinemaldia... denon diruarekin kultur eredu kapitalista basatia sustatzeaz gain, bestelako proiektuei eraso egitea ez dugu onartzen. Kortxoenean gune kultural gisa aldarrikatzen dugu eta gaztetxea eraisteko saiakera logika horretan kokatzen dugu. Proiektu autogestionatuen zilegitasun osoa aldarrikatzen dugu, gaztetxea defendatuko dugu eta proiektuarekin aurrera jarraituko dugu".

Astelehen iluntzean Liher eta Olatz Salvadorren kontzertuak izango dira. 19:00etan asanblada irekia deitu dute eta bertan dinamikaren xehetasun gehiago zehaztea espero dute.

EH Bilduk, astelehen goizean eraisketa geratzeko eskatu dio Udal gobernuari, eta proiektuari alternatiba bat bilatu asmoz, gaztetxeko erabiltzaileekin harremanetan jartzeko exigitu dio.

Igandean salaketa ekintzak

Irailaren 6an, Kontxako bandera baliatuz, gaztetxearen eraisketa saiakera salatzeko ekimenak egin zituzten Alde Zaharrean. Hotel bat egin behar duten eraikinean sartu eta pankarta handi batzuk zintzilikatu zituzten. Hiri eredua kritikatu zuten eta autogestioa aldarrikatu.

Horrez gain, udaletxearen alboan kortxo andana bota zituzten gaztetxearen sinbolo gisa.

Sare sozialetan mugimendua sortzen ari dira, eta ostiralean bertan hainbat orduz Espainia mailan Trendig Topic zerrendan egon zen #KortxoeneaBizirik aldarria. Igandean #KortxoSelfia ekimena abiatu dute, gaztetxeari babesa emateko prest dagoen jendeari argazki bat eskatuz.