Parlemu Corsu elkarteak antolatu du Currilingua, korsikeraren aldeko lasterketa. Igande honetan, uztailaren 4an, egingo dute lehen aldiz, Borgu eta Sulinzara artean.
Korrikaren ereduari jarraituz antolatu dute korsikeraren aldeko lehen lasterketa. Currilingua izena jarri diote ekimenari eta 90 kilometroko ibilbidea izango du aurten, nahiz eta hurrengo urteetan luzatzeko asmoa duten. Parlemu Corsu elkarteak jarri du martxan Currilingua, Bastiako Atletismo Klubarekin (CAB) batera.
Borgun hasiko da lasterketa, uztailaren 4an goizeko zazpietan, eta uhartearen ekialdeko kosta zeharkatuko du Sulinzarako portuan amaitzeko. Kilometroz kilometro lekukoa pasako diote elkarri kilometroak erosi dituzten norbanako, elkarte eta instituzioek. Jasotako dirua korsikerarekin lotutako proiektuetara bideratuko dute. Kilometro guztiak saldu dituzte dagoeneko, eta proiektua arrakasta izaten ari da Micheli Leccia Parlemu Corsuko lehendakariak esan duenez.