argia.eus
INPRIMATU
Korrika Gasteizera bidean
  • Korrikak Erribera zeharkatu zuen atzo. Gaur, Nafarroan eta Araban barrena ibili ostean, Gasteizera helduko da arratsaldeko 18:45 aldera.

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 19a
Atzoko etapako argazki bat. Umeak eta edadetuak ere izan ziren bertan (argazkia: korrika.org)

Korrikaren 18. edizioa gaur goizeko 8:00ak aldera sartu da Araban, gauean Nafarroako Erriberatik ibili ostean. Kanpezu, Cabredo, Maeztu edota Bernedo zeharkatuko dituzte goizean.

Ibilbidearen 1.153. kilometroan iritsiko dira Arabako Lautadara, Azazetan sartuz, eta lehenengo aldia izango da lasterketa bertatik egunez eta eskola orduetan igaroko dena. Pozik daude, beraz, Arabako ume eta gaztetxoak, orain arte egin duten Korrika txikia egin beharrean “benetako Korrikan” parte hartuko dutelako; horietako batzuk, gainera, protagonista izango dira.

Horrez gain, atzo Eusko Legebiltzarrak jakinarazi zuen kilometro bat erosi duela, Korrikaren historian lehenengo aldiz. Bertan izango dira, besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburua eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakaria.

Dagoeneko 1.000 kilometro baino gehiago egin dituzte korrikalariek, eta beste 1.500 dituzte aurretik.

Zalduondotik Aiararako lau kilometroak mendi bidetik egingo dira. Beldurra zuten bertatik igaro behar zuten korrikalariek, azken egunotan elurra egin baitu; baina badirudi azkenean ez dela arazorik egongo hura zeharkatzeko.

Atzoko etaparen inguruan (bosgarrena), Berria.infok argitaratu duen bideo batean diotenez, “nabarmentzekoak dira bi kontu. Alde batetik, babesik ez dugula inoiz galdu, herriko eskoletan ume asko atera baita, baita edadetu asko ere, korrika edota bide bazterrean txaloka aritu direnak. Eta bestalde, zeharkatu ditugun herri gehienak erdaldunak izanda, korrikalari asko ez zegoen arren, atera ez den beste jende horrek, behintzat, kotxearekin albotik pasa eta bozina jo duela; leihotik atera eta txalo egin duela. Hori ere bada zerbait”.