argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren krisia kudeatu duen presidenteak gehiengo absolutuz irabazi ditu hauteskundeak Hego Korean
  • 300 eserlekutik 180 eskuratu ditu Moon Jae-inen Alderdi Demokratak. 1987tik, diktaduraren osteko lehenengo hauteskundeetatik, gehiengo handiena izan da Jae-inena. Parte hartzeak ere gora egin du, %66,2koa izan da; altuena 1992tik.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 16a
Moon Jae-in, Hego Koreako presidentea. Argazkia: Univision.

Asteazkenean hauteskunde presidentzialak egin ditu Hego Koreak, pandemia hasi zenetik hauteskundeak egin dituen munduko lehenengotariko estatua bilakatuz. Izurritearen egoera kontrolpean dagoen arren, segurtasun neurriak ondo zainduta eman dute botoa hego korearrek.

Maskara janztea derrigorrezkoa izan da, eta elkarren artean, gutxienez metro bateko distantzia utziz. Bozka eman aurretik tenperatura hartu diete guztiei, eskuak garbitu arazi dizkie eta plastikozko eskularruak eman. Sukarra izan duten horiek beste bozka leku batzuetara eraman dituzte, eta gero desinfektatu.

Ia desagertuta

Munduan biktima gehien zituen herrialdea izan zen momentu batean Hego Korea. Baina gobernuak martxan jarritako prebentzio sistemari esker kutsatu eta hildakoen kopurua mantentzea lortu du. Guztira 10.613 kutsatu eta 229 hildako izan ditu. Azkeneko egunetan zenbatu diren kasu berriak oso gutxi dira, lau egunez jarraian 30etik behera.

Hala ere, oraindik badago jendea berrogeialdian dagoena, birusarekin harremanetan izan delako edo oraindik gaixo dagoelako. Berrogeialdian dauden 13.000 lagunek botoa emateko aukera izan dute hauteslekuak itxi eta gero.

Koronabirusak lagundutako garaipena

1987tik Hego Korea horrelako emaitzik ikusi gabe zegoen. Urrun geratu da alderdi kontserbadorea 103 eserlekurekin. Koronabirusaren krisiaren kudeaketak Jae-ini garaipena eman diola esan daiteke; izan ere, pandemiaren aurretik presidentea berraukeratzea ez zuten oso posible ikusten.

Ekonomiaren geldialdia eta orduko justizia ministroarekin zerikusia zuen eskandalu batek presidentearen ospea  %30ean utzi zuten, 2019ko datuen arabera. Baina pandemia hasi ahala hazi zen bere ospea ere, eta 2020ko urtarrilean %41ekoa zena %57koa izatera heldu da gaur egun.

Estatu mailan soilik ez, nazioarte mailan ere zenbait agintariren onespena du presidenteak pandemian zehar hartutako neurriengatik.