Abuztuan COVID-19 pandemiak eragin duen bigarren erasoan kezka berezia pizten du zahar-etxeetan kasuak ugaritzen ari direla eta heriotzak ere berriz gertatzen hasi direla ikusteak. Asteburuan bost pertsona adineko hil dira Bizkaia eta Gipuzkoako zahar-egoitzetan.
Joan den asteburuan, larunbatetik astelehenera, Bizkaiko zahar-etxeetan egoiliar zeuden lau pertsona hil ditu koronabirusak eta Gipuzkoakoetan bat, denetara bost Euskal Autonomia Elkartean. Kasuen ugaritzeak ere abiadura hartu du azken egun horietan, bi lurraldeetako agintariek jakinarazi dutenez. Bizkaiko zahar-egoitzetan 93 egoiliar daude kutsatuta eta horietatik 10 eraman dituzte ospitaleetara. Kutsadura berriek eragindako zentroak dira Bilboko IMQ Igurco Zorrozgoiti, Barakaldoko Miranda, Zamudioko Truiuondo eta Barrikako Elorduy. Baina gainera langileen artean ere 69k eman dute positibo PCR testean eta horiekin lan-harremana daukaten beste 78 gehiago daude bakarturik lanera joan barik, kutsatuta daudenez argitu artean.
Gipuzkoan, Donostiako egoitza batean bizi zen adin handiko emakumea hil da asteburuan eta azken orduetan Donostiako Hermano Garate-San Ignacio zentroko egoiliar bat zendu da. Egoitza horretan azken egunetanbederatzi egoiliar kutsatu dira, eta asteburua baino lehen beste bat hila zen. Gipuzkoako beste zahar-etxeetan kasu gehiago ez dela azaldu esan dute agintariek.
Nafarroari dagokionez, Tuterako egoitzan hamasei COVID-19 kasu berri detektatu dituzte asteburuan.