argia.eus
INPRIMATU
Kontziliaziorako eskariak: otsailera artekoak baino ez ditu ordainduko Jaurlaritzak
  • Lana eta familia bizitza uztartzeko laguntzak jaso ahalko dituzte otsailaren 28ra arte eskatu dituztenek, Gara egunkariak argitaratu duenez. Gainerakoek itxaron egin beharko dute 2015eko diru-laguntzetaraino. 

ARGIA @argia 2014ko irailaren 04a
Amona-aitonek gero eta parte-hartze handiagoa dute kontziliazioan. Argazkia: Dani Blanco.

Eusko Jaurlaritzak adierazia du lana eta familia bizitza uztartzeko aurrekontu zatia abuztuaren 22an bukatua dela. Alabaina, otsailaren 28a baino lehen laguntzak eskatzeko tramiteak egin dituzten familiek baino ez dute lortuko laguntza.

17,3 milioi euroko diru zakua zuen Eusko Jaurlaritzak 2014rako. Diru horrekin, ordaindu gabe zeuden iazko 12.000 eskakizun ingururi erantzun die eta 2014ko eskaera gehienei erantzuteko aurrekonturik gabe geratu da. Gizarte Politiketako Sailak laguntza eskaerak jasotzen jarraituko du eta 2015ean, dirurik bada, litekeena da laguntza jasotzea.

2014an aurrekontu murritza

Gara egunkariak egindako kalkuluen arabera, 2007az geroztik 2014ko diru-laguntzak dira murritzenak, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrarekin alderatuz gero. Hala, 2007an aurrekontu orokorraren %0,21 baliatu zen kontziliaziorako eta 2014an %0,17. Proportziorik handiena 2010ekoa izan zen: %0,34.

Joan den ekainean Arartekoak gai honi buruzko txostena helarazi zion Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari. Arartekoaren ustez, laguntza politiken garapenean planifikazio, artikulazio eta antolaketa pixka bat falta da.