argia.eus
INPRIMATU
Kontsumo arloko indarkeria matxistak salatzeko sareko plataforma sortu dute
  • Setem Hego Haizea GKEak eta Al Borde Films-ek abiatu dute plataforma. Helburua kontsumo bidezko indarkeria matxistak salatu eta alternatibak jasotzeko espazio bat sortzea da.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 15
Dokumentaleko irudia

Martxoaren 12an aurkeztu zuten plataforma, 2018ko azaroan aurkeztutako Fabricando Mujeres (Emakumeak Fabrikatzen) dokumentalaren eskutik heldu dena. Dokumentalak Setem-ek egindako “Indarkeria kontsumitzen dugu?” ikerketa du oinarri, zeinak indarkeria matxisten eta kontsumoaren arteko harremanaren inguruan hausnartzen duen.

Dokumentalak Maite du protagonista, emakume estereotipatuak sortzen dituen Emakumeen Lantegiaren ondoan bizi den adineko emakumea. Berak lantegiaren hondakinak biltzen ditu, indarkeria matxistarik gabeko kontsumoa bultzatzen duten asmakizunak sortu eta fabrikak sortzen duen emakume estereotipoari aurre egiteko.

Maitek nola, kontsumitzaile orok kontsumo alorreko indarkeria matxistei aurre egiteko aukera izan dezan sortu dute plataforma interaktiboa. “Erreklamazio arloa” izeneko atal bat jarri dute martxan, horren bitartez edonork jar dezake erreklamazioa indarkeriazko kontsumo kasu baten aurrean. Erreklamazioa bideratzeko prozedura hurrena da: salatu nahi den horri argazkia atera, eta #nosfabrican traolarekin Twitter bidez txiokatzea. Plataformaren kudeatzaileak arduratzen dira erreklamazioa jaso eta erreklamazioen panelean jartzeaz.