argia.eus
INPRIMATU
Kontserbadoreek irabazi dute Erresuma Batuan, baina gehiago Eskoziako independentistek
  • David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak 311 eserleku eskuratu ditu momentuz Erresuma Batuk hauteskundeetan eta 323 eserlekutan dagoen gehiengotik oso gertu geratu da. Alderdi Laboristak espero gabeko porrota jaso du eta Eskoziako SNPk gorakada handia lortu du.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 08a
Alderdi Kontserbadoreak 311 eserleku eskuratu ditu momentuz. (Argazkia: The Daily Best).

Botoa ematera deituta zeuden herritarren %65,5ek hartu dute parte hauteskundeetan. 650 barrutietatik 326 zenbatuta eta hauteslekuetako inkesten arabera, David Cameron da bozen irabazlea. Behin behineko emaitzen arabera, Alderdi laboristak 227 ordezkari lortu ditu eta espero gabeko kolpea jaso du Ed Miliband liderrak.

Alderdi Liberal Demokratak ere emaitza eskasak lortu ditu eta lehendik zituen 57 eserlekutatik zortzi baino ez ditu mantenduko. UKIP alderdiak parlamentari bakarra lortu du Erresuma Batuko hauteskunde sistemaren ondorioz. Hala ere, hirugarren alderdi bozkatuena izan da bozka portzentajeari erreparatuz gero, The Huffington Post-en arabera.

SNP alderdi eskoziar independentistak, aldiz, emaitza harrigarriak lortu ditu Eskoziak Erresuma Batuko parlamentuan dituen 59 ordezkaritatik 56 eskuratuz.