Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo direla aurreikusten dute. Trumpek gerra komertzialarekin eginiko mehatxuek paper garrantzitsua jokatu dute hauteskunde kanpainan, baita igandean Vancouverren gertatutako auto harrapaketak ere.
Egoerak baldintzatuta eman zuen dimisioa Justin Trudeauk urtarrilaren hasieran, 2015etik lehen ministro izan ostean: Etxe Zuriko maizter denetik Trumpek eginiko mehatxuek eta herrialdearen hazkunde ekonomikoa jaisteak nabarmen murriztu zuen Alderdi Liberalarekiko babesa kanadarren artean. Urriaren amaieran ziren egitekoak Komunen Ganberarako bozak, eta inkesta gehienek Alderdi Kontserbadorearen garaipen erraza aurreikusten zuten.
Trudeauren kargua Mark Caney ekonomialariak hartu zuen martxoan, ordea, eta Kanadako behe ganberako hauteskundeen data apirilaren 28ra aurreratu zuen. Geroztik, liberalak kontserbadoreei aldea murrizten joan zaizkie: Nanos Research taldeak eginiko inkesta baten arabera, lau puntu baino gehiagoko tartea aterako lieke botoetan. Inkesta horrek aurreikusten du Alderdi Liberalak botoen %42,7 eskuratuko duela, eta kontserbadoreek %38,4. Horiez gain, 343 eserleku dituen Komunen Ganberan NDP Demokrata Berrien Alderdia eta BQ Bloke Quebectarra alderdiek ere ordezkaritza izango lukete, botoen %8.3 eta %5.9 lortuta, hurrenez hurren.
Hauteskundeetako gakoetako bat azken bi alderdi horiek jasotzen duten babesa izango da, liberalek gobernatzeko babesa beharko duten edo ez zehaztuko baitu. Kanadako parlamenturako bozen formatua Erresuma Batukoaren bera da: hautesleek ez dute herrialdeko lehen ministroa zuzenean aukeratzen, bakoitzari dagokion barrutiko diputatuak baizik. Horrela, Komunen Ganberan aulki gehien lortzen dituen alderdiari gobernua osatzeko aukera ematen zaio.
Trumpen mehatxupean, ekonomiari eutsi ezin
Donald Trump AEBetako presidenteak abiatutako gerra komertzialak gogorren kolpatu duen herrialdeetako bat izan da Kanada. Herrialdearen esportazioen %77 dute helmuga gisa AEBak, eta Trumpen administrazioak otsailaren 1ean iragarri zituen lehen muga-zergak Kanadako aluminioa, altzairua eta autoak izan zituzten jopuntu, Txinako eta Mexikokoarekin batera. Ottawa, ordea, ez zen kikildu Etxe Zurriak ezarritako %25eko arantzelen aurrean, eta erantzun gisa ehuneko bereko zergak ezarri zizkien AEBen, Mexikoren eta Kanadaren arteko Usmca merkataritza itunaren irizpideak betetzen ez dituzten AEBetako auto inportatuei.
Trumpek behin baino gehiagotan mehatxatu du Kanada herrialdeko 51. estatu bihurtzearekin edo anexionatzearekin; hala proposatu zion Caney lehen ministroari martxoaren 28an biek eduki zuten dei batean, liberalen buruak baieztatu zuenez. Hain zuzen, Etxe Zuriko maizter berriak paper garrantzitsua jokatu du parlamenturako hauteskundeetako kanpainan, aurkeztu diren alderdietako hautagaien adierazpen ugariren erdigunean egon baita. Esaterako, ostegunean eginiko ekitaldi batean egungo lehen ministroak adierazi zuen asteleheneko bozetan Trumpek "Kanada txikitzea eta kanadarrez jabetzea" dagoela jokoan.
11 hildako utzi ditu auto harrapaketa batek, Vancouverren
Trumpek eginiko adierazpenez gain, beste gertakari batek ere zentralitatea hartu du Kanadan nahiz mundu mailan Komunen Ganberako bozen atarian: auto harrapaketa batek 11 lagun hil zituen Vancouverren larunbatean, hiriko kale batean ospatzen ari ziren jaialdi batean. Poliziak adierazi du gertakaria ez dela "eraso terrorista" izan, eta Vancouver Sun egunkariak baieztatu du harrapaketaren egileak osasun arazoak zituela.