Ekainaren 19an, Donostiako Kursaalean, ia ehun eragilek adostutako dokumentua aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Eragileok hizkuntza politikek izan beharko lituzketen norabideak adostu dituzte. Hemendik aurrerako helburuak eragile gehiago biltzea eta adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea izango dira.
“Batuz aldatu” izena jarri dio Euskalgintzaren Kontseiluak asmo berriari. Askotariko 99 eragilek landu eta sinatu dute hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozialaren dokumentua. Ekimenak helburu nagusi bat du: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea eta horretarako hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu behar direla adierazi dute. Hori lortzeko hizkuntza politikek hartu beharreko norabideak markatu dituzte eta bi arlotan zehaztu. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko lukete hizkuntza politikek. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla azpimarratu dute, eta hizkuntza politikek norabide horretan egin beharko dutela lan.
Lehenik, adostasun sozial horretan eragile gehiagok parte hartzea nahi du Kontseiluak eta 99ko zerrenda luzatzen lan egingo du. Bigarrenik, hizkuntza politikaren beharrak arloz arlo zehaztuko dituzte, dela hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan, eremu sozioekonomikoan... Hizkuntza politiketan eragiteko lehentasunak definitzen saiatuko dira. Hirugarrenik, erronka dute adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea. Datozen hilabeteotan horretan arituko direla adierazi du Kontseiluak.
Eragile guztien zerrenda lotura honetan duzue.
"Batuz aldatu" dokumentu osoa duzue lotura honetan.