argia.eus
INPRIMATU
Pintza koloretsuak erabiliz euskara sustatu nahi du Kontseiluak Donibane Lohizuneko jaietan
  • Kontseiluak jolas bitxia proposatu du uda honetarako, kazeta.info hedabideak jakinarazi duenez. Festazaleek Euskaraz bizi nahi dut pintza jarriko dute arropan eta erabaki bera hartu duten parrandazaleekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 20a
Pintzen jokoa iaz Azkaineko Gaztetxekoekin antolatu zuen Kontseiluak. Argazkia: Kontseilua.

Jolasetik ezer ez zeukan eraztunaren jokoa gogorarazten du. Francoren garaiko eskoletan, mutikoek euskarazko hitz bat entzun orduko eraztuna pasatzen zioten elkarri. Egunaren amaieran eraztunarekin geratzen zen ikasleak zigorra jasotzen zuen euskaraz hitz egiteagatik. Bistan da, Kontseiluak antolatutako ekimenak kontrako helburua du, uda honetan Ipar Euskal Herriko festetan murgilduko den euskaldun orok euskara erabil dezan nahi du. Jolas umoretsua da. Euskaldunek pintza koloretsua eramango dute eta pintza berekoekin euskaraz egin beharko dute. Pintza zuri-beltza dutenak berriz, euskaraz pixka bat dakitenak izango dira. Norbaitek pintza koloretsudun bi lagun erdaraz harrapatzen baditu zurrutada batera gonbidatzea eska dezake. Gauza bera euskara pixka bat dakiena lehenengo hitza erdaraz egiten harrapatuz gero.

Euskaraz besta egin nahi dut kanpaina Ipar Euskal Herrian zabaltzea nahi du Kontseiluak eta lehen proba Donibane Lohizuneko herriko festetan izango da asteburu honetan. Festa batzordeei, gaztetxeei, ikastolei, gau eskolei eta elkarteei kanpainarekin bat egiteko deialdia egin die.