Kontseiluak elkarlana eskaini dio Nafarroako Gobernuari Euskararen Legea aldatzeko

  • Legealdi honetan aldaketa abiatzeko "uste osoa" duela esan du Kontseiluak gaur parlamentuan eginiko agerraldian.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko abenduaren 16an - 09:29

Nafarroako euskararen legeak 29 urte bete dituen egunean agerraldia egin du  Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hemendik aurrera eman beharreko urratsez hitz egiteko. Urte hauetan legearen aurkako mugimendua nabarmendu dute Kontseiluaren ordezkariek.  —50.000 sinadura bildu zituzten legea aldatzearen alde, adibidez—, eta gobernu aldaketarekin horretarako aukera zabaldu dela uste du.

Orain arte eta aldaketa gauzatu zenetik Kontseilua isilik egon da jakitun delako “gobernu berri bat sustraitzeak eta lantalde berriak osatzeak dituen zailtasunak zein diren". Hala ere aurrerapauso batzuk sumatu dituztela esan dute —Euskarabidearen osaketa eta D ereduko lerroak zabaltzea aipatu dituzte adibide gisa—, eta kezkarako arrazoiak, aldiz, ere bai: Euskararen Legea aldatzeko adostasunik ez edukitzea gobernua bultzatu duten lau alderdiek.

Horren aurrean, hiru eskari jarri ditu mahai gainean Kontseiluak. Hau da jakitera eman dutena:

1. Nafarroako Euskararen legea: Jakin badakigu oraingo gobernua oso sentikorra dela gai honekiko eta pausoz pauso abiatu beharra dagoela legearen aldaketa. Prestatzen ari den erregelamendu berria bide horretako lehen pausua besterik izanen ez delakoan, nafar guztion eskubidearen aldeko gure jarrera tinkoa eta argia adierazi nahi dugu eta legealdi honetan legearen aldaketa abiaraziko dela uste osoa daukagula. Era berean, Nafarroako herria aldaketaren alde dagoela sinesten dugu, eta gure erronka izanen da gizarteak duen aldaketarako gogoa argi eta garbi azaltzea, Nafarroako Gobernuak konfiantza osoz burutu dezan lan legegilea. Euskalgintzaren erronka ere badelako erakustea gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela, eta inondik ere ez dela zilegi nahastea nafar guztiek izan behar dituzten hizkuntza-eskubideak balizko inposizioekin. Euskalgintzaren lana izanen da gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea ere, eskubide horien urraketaz ohartarazteko eta lege aldaketaren beharra agerian paratzeko. Horretarako, Nafarroako euskalgintzak eta Nafarroako Gobernuak eskutik joan behar dute bien lana eraginkorragoa gertatu dadin. Horregatik, gaur, abenduaren 15a honetan lege aldaketaren beharra aldarrikatuko dugu, eta heldu den urteko 30. urteurrenaren harira kanpaina eraginkor eta erabakigarri bat aldarrikatu dugu legearen aldaketa arintzeko eta Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana ziurtasun osoz garatzen hasteko. Zer esanik ez, legealdiko 3. eta 4. urteetan, aldaketaren aldeko lana sakonduko dugu, harik eta lege aldaketa gauzatzen den arte.

 2. Euskararen Nafar Kontseilua: Aurreko puntuan Nafarroako Gobernua eta euskalgintza batera aritzeko komenigarritasunaz aritu gara, eta, zalantzarik gabe, Euskararen Nafar Kontseilua izan liteke elkarlan hori garatzeko tokirik aproposena. Horregatik, Euskararen Nafar Kontseiluko erabilera eraginkor bat proposatzen dugu, non euskalgintzan aritzen diren kolektibo guztiek parte hartzeko aukera izanen duten, dela osoko bilkuran, dela lan batzordeetan. Orain da unea euskalgintza eta gobernua erabakitzeko ahalmena duen mahai baten inguruan elkarren ondoan eserita egoteko. Foro horretan bertan lan genezake, hasteko, euskararen erregelamendu berria, eta gerora legea aldatzeko eman beharreko urrats guztiak. Hori dela eta, Euskararen Nafar Kontseiluak berez izaten dituen batzordeez gain, Euskalgintzaren 13 proposamenak landuko dituzten behar adina lan batzorde sortzea proposatzen da.

3. Baliabideak eta aurrekontua: Azkenik, baliabide duinak behar dira euskararen aldeko hizkuntza-politika eraginkorra aurrera eramateko. Euskalgintzak pairatu izan duen azken urteotako mespretxua alde batera utziko dela ez dugu dudarik, baina horretaz haratago benetan aurrekontu duina behar da behar bezalako hizkuntza-politika bat egin ahal izateko. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu osoaren %2 eskatzen dugu; betiere, bestelako behar sozialak ahaztu gabe.

Oharra: Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude