argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Kontseilua: “Euskarari kalte egiten dioten dekretuak aldatuta beharko lituzke gobernuak legealdia amaitzerako”
  • Argi-ilunak ikusten ditu Euskararen Kontseiluak, baina duela gutxi Nafarroako Gobernuak azeleragailua zapaldu behar zuela adierazi zuen publikoki. Administrazio mailako 29/2003 Dekretua aldatzea funtsezkoa ikusten du, esaterako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko abenduaren 22a
Foru Gobernuari urrats gehiago eskatuz, iragan ekainean Iruñean Konstseiluak egindako manifestazioa. (Arg.: Kontseilua) Foru Gobernuari urrats gehiago eskatuz, iragan ekainean Iruñean Konstseiluak egindako manifestazioa. (Arg.: Kontseilua)

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan  egin duen lana?

Aldaketaren gobernua deitu denak euskararen alorrean ere aldaketarena izan behar duela uste dugu. Euskararen normalizazioari dagokionez, aurreko urtetako UPNren gobernuek egindako euskararen kontrako hizkuntza-politikek oso abiapuntu eskaxa utzi zuten; administrazioari dagozkion hiru zutabetan, (corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak) egoera idorra zen benetan eta hori euri tantez bustitzen hasi da, baina oraindik ibaia egiteko asko falta da. Corpus juridikoari dagokionez, “de facto” har zitezkeen neurriak ez ditu hartu, adibidez 29/2003 Dekretua aldatzea. Plan estrategikoa egiten hasi da eta hori positibo baloratzen dugu. Baliabideen kasuan ere pauso bat eman da aurrera, baina oraindik beharrak estaltzetik urruti gaude.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke Gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Corpus juridikoaren atalean, hainbeste min egiten duen Vascuencearen Legea aldatzea da helburua, baina prozesu hori pixkanaka egin behar dela ulertzen dugu. Hortaz, Euskarari kalte egiten dioten dekretuak aldatuta beharko lukete legegintzaldia amaitzerako eta gobernuak egin behar diren urratsetan baliabide nahikoak aportatu behar ditu (pertsonalak, ekonomikoak…). Eskutik du gobernuak hori egiteko aukera eta duen denbora baliatu egin behar du, euskararen esparruan ere Aldaketaren Gobernua izan dadin.

Jarriko diozue nota bat 0tik 10era?

Ebaluazio jarraitua egiten diogu egiten duen lanari. Beharrezko neurriak hartzen dituen, euskalgintzarekin elkarlanerako borondatea duen (plan estrategikoan bezala)… eta gisakoak dira baloratzekoak Legealdia amaituta.