argia.eus
INPRIMATU
Kontratu “telegidatuak” eman dizkio EAJko kargu baten enpresei Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak
  • Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, Aitor Elorzaren Montai taldeak bederatzi kontratu irabazi ditu. Aurrekontuak talde bereko enpresak aurkeztu dituzte, edo oinarriak ez errespetatzeagatik behin eta berriz kanpoan geratu diren beste enpresa batzuen aurka lehiatu da. 180.000 euro baino gehiago esleitu dira modu honetan.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 08a
Montai enpresako azpiegiturak, Gasteizen. Argazkia: Eldiario.es.

2013 eta 2019 urteen artean EAJren esku egon den Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak 20 kontratu eman dizkio lehiaketarik gabe Aitor Elorza Gipuzkoako EAJko kidearen enpresei. 361.885,95 euro guztira. Montai Produkzioak, Denok Zuzeneko Komunikazioa, Estali La Karpa eta Kultur Kirol Zerbitzuak dira enpresen izenak. Eldiario.es-en arabera, “behintzat” 20 kontratu horietariko bederatziren esleipena, 184.076,2 euro orotara, “telegidatua” izan da. Batzuetan, talde bereko enpresak izan dira lan berdinerako aurrekontuak aurkeztu dituztenak. Besteetan, taldetik kanpoko beste enpresa batzuk ere aurkeztu dira, baina ezarritako mugaz gaindiko aurrekontuak aurkeztu eta kanpoan geratu dira hainbat aldiz, kontratuak Estebanen enpresek irabaziz.

Gazte Txartelaren adibidea

Iker Rioja kazetariak hainbat adibide ematen ditu. Horietako bat Gazte Txartelarekin lotuta dago. 2013, 2014, 2015 eta 2016 urteetan lan ezberdinak agindu zituen Gazteria Zuzendaritzak, denak 18.000 euroen mugatik hurbil (BEZ gabe), baina gainditu gabe. Hori zen, urte horietan, esleipen zuzenak egin ahal izateko diru kopuru muga. Halere, kazetariaren esanetan “adjudikazioei konpetentzia itxura emateko”, administrazioak hiruna enpresari eskatu zizkion aurrekontuak urte guztietan.

Batzuetan Elorzaren taldeko enpresa bat baino gehiagori eskatzen dio aurrekontua Gazteria Zuzendaritzak. Badira taldekoak ez diren enpresak ere: Ados Network eta Loyola XXI. Kasu guztietan, ezarritako mugak gainditzen dituzten aurrekontuak aurkeztu dituzte bi enpresek, automatikoki lehiatik kanpo geratuz. Gazteria Zuzendaritzak, gainera, Ados Networki aurrekontua eskatzen jarraitu du hainbat urteetan, behin eta berriz baliagarriak ez diren aurrekontuak aurkeztuta ere: enpresak aurrekontu erabat berdinak aurkeztu ditu urtez urte, behin eta berriz lehiatik kanpo geratuz.