argia.eus
INPRIMATU
Kontra eta alde

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko irailaren 20a
Argazkia: Dani Blanco

Geratzeko etorri den krisi sistemikoaren aurrean gaude. Zalantza gutxi horretan. Krisi multzoaren arrazoi eta zergatietan sartzea beste upeleko kontua da. Batzuek diote 2008ko krisitik ez garela inoiz atera. Ortodoxia ekonomikoaren esanetan, 2014an bukatu zen. Hazkunde ekonomikoaren zenbakiek hala diote, baina Espainiako Estatuan 2019an 60.000 etxegabetze izan ziren, eta teilatupe haietako familiek edo herritarrek seguru ez dutela berdin pentsatzen. Ezta azken hamarkadetan prekarizatutako milioika gaztek ere, edo hilaren akaberara justu-justu heltzen diren milioika pentsiodun horiek.

2008tik 2012ra 171.000 etxegabetze izan ziren Espainian, Hipotekak Eragindako Plataformaren arabera. Eta azken bi urteetako COVID-19aren datu larriak ere ez zaizkigu berehala ahantziko, nahiz hotz-hotzean digeritzen ditugun, gero eta samurrago. Balantzaren alde batean horiek guztiak leudeke. Bestean jar genitzake, adibidez, 2008tik 2013ra Hego Euskal Herrian greba orokorrerako izandako zortzi deialdiak. Klase borrokaren kapitala-langilea balantzan, bistan da lehenak aise irabazi zuela mundu osoan. Ondorioz, egoera aurre-iraultzaileak ezagutu dira Europako hainbat lekutan, esate baterako Grezian edo Jaka Horien Frantzian. Edo eskuin muturraren hedatze geldiezina (Polonia, Hungaria, Suedia, Italia, Frantzia, Espainia...).

EBko agintariek, batetik, erantzun zuten gupida bako austeritate eta murrizketa publikoen politika hiltzaileekin, neoliberalismoa Europan ezagutu gabeko mugetara eramateraino. Bestetik, arazoen oinarrian finantza krisia izanik, hondoratu ziren bankuen erreskatera bideratu ziren sekulako dirutzak, erabateko kolapso ekonomikoa saihestearren. Hala zioten bederen. Baina behin zulo handienak itxita, denak berdintsu jarraitu du, aberatsenak biziki aberasten, eta pobreenak areago txirotzen. Horretan ere zalantza gutxi dago ezker-eskuin.

Orain, ordea, EB bestelako jarrera erakusten ari da, ez dago garbi iraganeko austerizidioa alboratu eta herritarren balizko altxamenduak saihesteko ote den, edo besterik gabe, egungo globalizazio ereduaren amaieragatik, estatuek gertukoa gehiago eta hobeto lotzeko. Edozein kasutan, estatuak ekonomian inondik inora esku hartu ezin zuen lekuan, orain koltxoia ateratzen ari da, adibidez energia prezioak kontrolatuta, irabazi energetikoak zergapetuz, eta enpresa energetikoen nazionalizazioarekin (Frantzia, EDF).

Langileek, klase baxuenek, ez dute euren egoera hobetu 2008tik gaurdaino. Iragan hamarkadan argi zegoen noren kontra egin ziren zortzi greba haiek, baina gaur egun ez dago horren argi. Eskubideak eta ongizatea kontra eta alde lotzen dituen zilbor-hestetik datoz, baina egoera honetan ez da samurra bizitzaren alde nola egin asmatzea.